Windows Mixed Reality, Oculus, HTC eta Steam VR gailuekin funtzionatzen du simulagailuak. Elurra eta izozteak ere gehitu dituzte.
Hegazkinen simulagailuen zaleentzako aparta izan den Microsoft Flight Simulator arrakastatsuak berritasun jaso ditu. Asobo Studioko garatzaileek orain egun batzuk argitaratutako VR update deitutako eguneraketak errealitate birtualeko gailuen euskarria gehitu dio.
Arduradunek adierazi dutenez errealitate birtualeko ezaugarriak zehazterako orduan zaleen komunitatea “kide aktibo eta esanguratsua” izan da: “Microsoft Flight Simulatorri VRa gehitzea komunitateak eskatutakoaren erantzun zuzena izan da, eta frankiziaren etorkizunean elkarlanean jarraitzeko asmoa daukagu”.
Hori horrela, errealitate birtuala “ahalik eta jokalari kopuru handienarentzat erabilterraza” izateko lanean aritu dira. Doako eguneraketak gehitutako ezaugarri nagusiak VR gailu sorta zabal batean funtzionatuko du: Windows Mixed Reality kasko gehienekin batera erabili ahal izateaz gain, Oculus, Valve eta HTC gailuekin ere funtzionatzen du jokoak.
Eguneraketak gehitutako berritasunak ez dira errealitate birtualean gelditzen: jokalariek elurra ikusiko dute denbora errealean, eta hotz asko egiten duen kokalekuetan laku izoztuak egongo dira.
Edukiak gaineratzen jarraitzeko asmoa dute garatzaileek. Aurten munduko gune zehatzak hobetuko dituzten eguneraketak kaleratuko dituzte, orain arte egin bezala; horiekin batera askotariko ezaugarriak gehituko dituzten hiru eguneratze handi agindu dituzte.
Microsoft Flight Simulator PCan eskuratu daiteke momentuz; udan Xbox Seriesetarako bertsioa estreinatzea aurreikusita dago.
Iruzkinak