24 bideo-jokorekin estreinatuko da aurten. Etorkizunean eduki gehiago jasoko ditu, denboraldietan banatuta.

Panic enpresak sortutako Playdate kontsola eramangarri bitxi zein erakargarriak bideo-jokozale askoren arreta erakartzea lortu du bere eskaintza bereziagatik. Arduradunek iragarri dutenez, erreserbak etzi hasiko dituzte hainbat herrialdetan: Euskal Herrian 19:00etan ahalbidetuko dute gailua eskuratzeko aukera.

Kontsola eramangarriak Game Boy-ak, besteak beste, edukitako ohiko kontrolak bilduko ditu. Gurutzeta A eta B botoiak eta gutxi gehiago izango ditu hardware aldetik, 2,7 hazbeteko argirik gabeko pantailarekin. Berezitasun txiki batekin estreinatuko da, hori bai: bideo-joko bakoitzak era batera erabiliko duen biradera.

180 MHz Cortex M7 prozesadorea, Wi-Fi eta Bluetooth euskarriak, 16 MB RAM memoria,32 KB L1 cache-a, 4 GB flash memoria eta beste hainbat zehaztapen irakurri daitezke gailuaren aurkezpenean.

USB-C kable bidez kargatu daitekeen bateriaz gain, aparteko hainbat eduki gehigarri prestatu dituzte Panicekoek. Playdate Stereo Dock deitutakoak bateria kargatu, euskarri bezala funtzionatu, Bluetooth bidez dabilen bozgorailua eskaini eta horiez gain, boligrafoa gordetzeko txokoa batuko ditu kontsolaren atzealdean akoplatuta. Playdate Cover-a, berriz, kontsola babesteko kutxatila magnetikoa da.

Baina nola ez, gailuaren atalik garrantzitsuena bideo-jokoak izango dira, eta Playdatearen bilduma esklusiboaren berri eman dute arduradunek. Garatzaile eta estudio desberdinek prestatutako 24 bideo-jokorekin kaleratuko dute kontsola: Lucas Pope, Chuhai Labs, Diego Garcia, Uvula eta beste hainbat sortzaile batu dira Playdatearen ezaugarri bereziak aprobetxatzeko asmoarekin.

Joko horiek, baina, lehe denboraldiaren baitan egongo dira. Astean behin bi obra berri jasoko dituzte kontsolaren erabiltzaileek, hamabi asteko epean. Pulp deitutako jokoak sortzeko tresna ere iragarri dute Panicekoek: nabigatzailearen bidez kontsolarako lanak garatu ahalko dira, eta ondoren horiek Playdatera gehitzea oso erraza izango dela diote.

Playdate 180 dolarren truke erreserbatu ahalko da etzitik aurrera kontsolaren webgunean. Argitaratze data zehatzik ez duen arren, urte bukaeran erreserbatutako kontsolak bidaltzen hasteko asmoa agertu dute sortzaileek.