Azaroan bideojokoei lotutako euskarazko hainbat ekimen ikusiko ditugu. Alde batetik, Jokoteknia jardunaldia dator; bestetik, lehen Euskal Game Jam-a.

Game Erauntsia euskal bideojokozaleen komunitatea 2014. urtean sortu zenetik jokalari euskaldunentzako topagune izateko lanean ari da. Horretarako, zelan ez, eremu eta esparru desberdinak eratzea izan da bidea: webgunetik hasita, plataforma desberdinetan zaletasun hau partekatzeko txokoak prestatu ditugu.

Hala ere, jokoei lotutako beste zenbait ekimen antolatzen ditu elkarteak: txapelketekin eta elkarretaratzeekin hasi ginen, baina gaur egun tailerrak, hitzaldiak zein irratsaioa egiten ditugu hainbat eragilerekin elkarlanean, beste zenbait ekintzen artean.

Ekimenokin euskal bideojokoen mundua ezagutzera eman nahi da. Gure hizkuntzan joka daitezkeen tituluak aurkezten dira; etxean ditugun garatzaileak zein estudioak, eta nola ez, euren lanak zerrendatzen ditugu; are gehiago, gurasoentzat nahiz hezitzaileentzat aproposak diren gidak eta lantegiak kudeatzeari ekin diogu.

Egindako lanarekin bideojokoek euskaldunon artean duten pisua eta garrantzia nabarmentzen saiatzen gara. Denbora pasa hutsa baino gehiago izatera igaro dira azken 40 urteetan. Asteburuak heltzerakoan Super Mario Bros-en eta bestelakoetan jokatzen hasi ginen asko, baina gaur egun jokalariak, garatzaileak, eduki sortzaileak, idazleak eta artistak biltzen dituen mundu erraldoia da bideojokoena, baita Euskal Herrian ere.

 

Jokoteknia: gure industriaren zein erabiltzaileen diagnostikoa

Hitzordurik garrantzitsuena, ziur asko, Azkue Fundazioarekin elkarlanean antolatzen dugun Jokoteknia Euskal Bideojokoen Jardunaldia da. Funtsean, bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutzeko, ideia berriak hartzeko eta sinergia berriak sortzeko aukera ezin hobea da; dena den, hori baino askoz gehiago dira jardunaldiok.

Euskal Herriko bideojoko industriaren eta jokozaleen diagnostikoa egiteko helburua du Jokotekniak. Bertan daukaguna ulertzea eta aditzera ematea, alegia. Azken bost edizioetan denetariko adituak eta zaleak elkartu ditugu jardunaldiotan: bideojoko profesionalen egileetatik hasita, itzultzaileak, hezitzaileak, irakasleak, kazetariak, musikagileak nahiz kontserbatzaileak ekarri ditu ekimenak.

Ez hori bakarrik, gainerako hizkuntza gutxituek bizi duten egoera ere aztertzeko balio izan digu. Galesko, kataluniako, galiziako edo irlandako bideojokozale komunitateetako ordezkariak igaro dira Jokotekniatik bakoitzak egindako lana, ekarpenak eta oztopoak partekatzeko asmoz.

Bukatzeko, etorkizunean bideojokoen industrian barneratuko diren ikasleen ikuspuntuak elkartzeko aukera aproposa ere izaten da jardunaldia. Bideojokogintzari lotutako ikasketak eskaintzen dituzten Bizkaiko hiru zentrotako ikasleekin osatutako mahai inguruarekin bukatzen dugu edizio bakoitza. Harrobia Ikastolako, Tartanga lan heziketarako zentro integratuko eta Digipen-Europe Bilbao ikastetxeko ordezkariekin Euskal Herriko bidejoko sortzaileen egoerari buruz hausnartzen dugu, bertako industria hobetzeko jarraitu beharreko pausoetan sakontzeaz gain.

Orain arte egindakoak ikusteko bide desberdinak daude. Hasteko, PeerTube zein YouTube plataformetan aurreko edizioetako hitzaldiak aurki ditzakezue; horrez gain, lehen hiru Jokoteknietako edukiak bateratzen dituen liburua argitaratu genuen iaz. Bizkaiko liburutegietan eskura daiteke, esate baterako, baina bertsio digitala ere badauka.

 

Seigarren edizioa

Azaroaren 11n seigarren Jokoteknia dator. Bilboko Euskararen Etxean egingo dugu — online jarraitzeko aukera ere izango dute interesatuek—. 2023ko edizio honetan aurreko urteetako ildo berbera jarraituko dugu: Euskal Herriko arlo desberdinetako profesionalak eta adituak elkartuta, euren ezagutzak, ikuspegiak eta ekarpenak partekatzeko.

Egia esan, urte honetan esparru benetan interesgarrietako hizlariak etorriko dira gurera. Hasteko, Daniel Muriel soziologian doktoreak bideojokoek duten garrantziaz hitz egingo digu soziologiaren ikuspuntutik, gaur egungo gizartearen funtsezko eraldaketak adierazten dituztela aldarrikatuz.

Bigarrenik, Eider Zabalegi eduki sortzaileak euskarazko eduki digitalen zein sortzaileen munduan sakonduko du. Il4rgi ezizenarekin YouTube eta Twitch munduetan dihardu 2016. urtetik. Horietan hasteko jakin beharrekoak azalduko dizkigu, euskal komunitateak eskaintzeko duena aurkeztuz.

Hirugarrenik, Edurne Larraza informatikari doktoreak bideojokoen bidez irakasteko aukeren inguruan hausnartuko du. Jokoek informatika arloko ikasleei eskain diezaioketena laburbilduko du, horretarako bere ibilbide profesionalean ikasitakoak eta landutakoak erabiliz.

Laugarrenik, Highnoon Ekain bideojoko sortzaileak Praenaris estudioa aurkeztuko du. Hiru urtez lan egin ondoren lehen bideojokoa argitaratu du, eta sormen prozesu horretan bizitakoak partekatuko ditu, aldi berean euskal identitatean eta erroak zaintzeko helburuan murgilduz.

Bukatzeko, urtero egin bezala, Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako hainbat zentrotako ikasleak bilduko ditugu mahai inguru interesgarrian parte hartzeko. Jon Legarretaetxebarria, Sara Esteban eta Haizea Muñoz ikasleek osatuko dute.

Agerikoa den bezala, larunbatean bideojokoen munduari lotutako hitzaldi sorta interesgarria jarraitzeko aukera izango dute euskal bideojokozale guztiek. Hori bezain garrantzitsua da, ordea, elkar ezagutzeko eta are bizipen, asmo zein helburu gehiago partekatzeko aukera, bideojokoen munduaz euskaraz gozatu nahi dugula aldarrikatzeko.

 

Euskal Game Jam: euskarazko bideojokoak sortzen

Jokotekniaz gain, aurten jardunaldiei lotutako beste ekimen berezi bat antolatzeari ekin diogu. Bideojoko garatzaile hasiberrien nahiz profesionalen artean geroz eta ohikoagoa da Game Jam ekintzetan parte hartzea.

Zer dira, baina, Game Jamak? Aldez aurretik ezarritako epemugan bideojokoak sortzera zuzendutako topaguneak. Hori dela-eta, euskara hutsean egingo den mota honetako lehen ekimena prestatu dugu Zomorro Studiorekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean: Euskal Game JamAzaroaren 17tik 19ra bitartean euskal sortzaileek bideojokoak sortzeari ekingo diote, bakarka nahiz taldeka.

Ekimenaren helburu nagusia garatzaile euskaldunak batzea zein elkar ezagutzea, euren abileziak agerian jartzea eta harremanak sortzea da. Izan ere, Game Erauntsiak ia hamar urteko ibilbidean ikusi ahal izan duenez, Euskal Herriko sortzaileak ez dira elkar ezagutzen: ikaskideak alboratuta, bertako gainerako informatikariek eta artistek ez dute profesio bereko kideekin topo egiten —sare sozialetatik kanpo, behintzat—.

Ez hori bakarrik: askotan zaila izaten da sortzaileon urratsak jarraitzea. Ikastetxe ezagun batetik datorren egilea bada, edo sareetan oso aktiboa, ez da arazorik egoten garatzaile indibidualen lana ezagutzerako orduan. Askotan, tamalez, ez da horrela gertatzen: Game Erauntsiaren datu basetik kanpo dauden hainbat eta hainbat egile egongo dira ziurrenik.

Euskaraz sortu gura dutenei leku bat eskaini nahi diegu. Asko eta asko dira euren bideojokoak ama hizkuntzan ikusi nahi dituztenak, eta horretarako lan egiten dutenak. Hala ere, egindako ahalegin hori ahaztuta geratzen da zenbaitetan; ekimenarekin bideojokoetan euskararen presentzia indartu nahi da, hori lortzeko garaitzaileengan eraginez, beren obrak euskaraz egon daitezkeela eta horrela gozatuko duen publikoa dagoela adieraziz.

Euskal Game Jamarekin hau guztia zuzentzea bilatzen da. Aurrez aurreko jama egongo da, alde batetik: Bizkaia Aretoa UPV/EHUn 48 orduz bideojokoak garatzen ibiltzeko lekua. Talde bakoitza berera egongo da, noski: bi egunetan obra txukuna sortzeko gogor ibiliko dira lanean. Aldi berean, baina, egiten dakitena partekatzeko gunea izango da Bilboko egoitza, elkarrengandik ikasteko etxea.

Bestetik, online parte hartzeko aukera dago: etxetik lan egiteko bidea, alegia. Nahiz eta egoitza nagusitik kanpo egon, gainerako partaideek sortutakoak ikusi, jokatu eta baloratu ahal izango dituzte sortzaileek.

Arestian aipatu modura, bideojokoen presentzia geroz eta nabarmenagoa da gure artean. Euskal Herrian mundu honetan zeharo barneratu diren ehundaka sortzaile eta hartzaile euskaldun daude, baina beste askorentzat mundu ezezaguna da, arrotza. Hori aldatzeko garaia da, eta Jokoteknia zein Euskal Game Jam ekimenak helburu hori lortzeko bidelagunak izango dira euskal bideojokozaleentzat.

Nabarmendutako bi ekintza hauek handienak eta ikusgarrienak badira ere, Game Erauntsia Elkarteak edozein motatako ekarpenak eskertzen dituela azpimarratu beharra dago, noski. Komunitateak hazten jarraitzen du: Telegram zein Discord taldeetan bideojokoak gomendatzen dituztenak eta aholku eske datozenak daude.

Azkenaldian denetariko proposamenak eta ideiak jasotzen hasi garela esanez bukatu nahi dugu. Euskarazko pokedex-a sortu dugu adibidez; blogean, bestalde, iritzi artikuluak zein bideoanalisiak argitaratzen hasi dira hainbat erabiltzaile; jokalariekin txapelketak eta ekimen bereziak ere antolatzen ditugu; bukatzeko, euskarazko bideojokoen zerrendak ikaragarrizko laguntza jaso du tituluak musutruk lokalizatzera animatu direnen aldetik.

Laburbiltzeko: komunitate erraldoia da gurea. Bideojokoak euskararekin lotzen dituen txokora etorri nahi baduzu, anima zaitez eta jarri gurekin harremanetan!