1. Euskal Bideojokogileen Topaketak garatzaile eta sortzaile euskaldunak batu ditu etxeko harrobia agerian jartzeko eta harremanak sortzeko helburuarekin.

Sarritan ikusi nahiz adierazi dugu Euskal Herrian bideojokoen industriaren indarrak gora egiten diharduela. Geroz eta gehiago dira jokoen sorkuntzan modu batean edo bestean parte hartzen duten sortzaile euskaldunak.

Mundu honen epizentroa atzerrian dagoenez, tamalez, askok ez dute elkar ezagutzen, ez bada sareen bidez. Horri konponbidea emateko helburuarekin antolatu du Game Erauntsia Elkarteak, Zomorro Studioko Ibai Aizpurua garatzailearekin batera, 1. Euskal Bideojokogileen Topaketa: Euskal Herrian bideojokogintzan zein honen inguruan lan egiten dabiltzan sortzaileak batzeko ekimena.

 

Txikitik handira, etxetik

Bergaran bildu ginen joan den larunbatean, jatorri, esparru eta testuinguru guztietako bideojokogileak elkartuz. Ekoizpen handienetan lan egiten duten profesionalak, oraindik ikasten dabiltzan sortzaileak, denbora librean bideojokoak sortzeari ekin dioten —eta Game Jam ekimenetan parte hartu duten— zaleak hurreratu ziren Laboratorium Museora: Euskal Herriko bazter guztietako artistak, programatzaileak, musikagileak edo itzultzaileak ikusi genituen, baita, esan bezala, bideojokoei betidanik estu lotutako komikien zein mahaijokoen munduetako adituak ere.

Topaketa informala antolatu bagenuen ere, bildutakoen burua aurkezteko modurik egokiena aurkezpen laburren bidez egitea zela adostu genuen; horrela, proiektuak, amaitutako zein bukatu gabeko lanak, trailerrak, webguneak, irudiak, abestiak eta bestelakoak erakutsi zizkiguten bertaratutakoek. Ikaragarrizko sormen lanak ikusi genuen, Euskal Herrian aurki daitekeen aparteko maila agerian jarrita.

Ibai Aizpurua, Joseba Larratxe, Julen Irazoki, Julen eta Xabi Urrutia, Eneko Amezaga, Gabriel Fiallegas, Anize Amestoy eta gehiago aritu ziren euren lanak Laboratoriumean partekatzen.

Aurkezpenak burututa, bazkaltzeko eta elkar ezagutzeko unea iritsi zen. Giro ederrean, museoan aipatutakoei heltzeko aukera ezin hobea, baita bestelako kontuei buruz hitz egitekoa ere.

 

Aparteko harrera, eta jarraitzeko gogotsu

Antolakuntzaz arduratzen aritu garenok balorazio zeharo positiboa egin dugu topaketari dagokionez. Harrera sekulakoa izan dela uste dugu, eta asko izan dira etortzeko aukerarik eduki ez arren, ekarpenak egin dituztenak.

Aspalditik genbiltzan halako ekitaldia prestatu nahian. Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia edo Euskal Game Jam ekimenak bideratu ditugu aurretik; hots, bi hauek larunbateko topaketarekin helburuak partekatzen badituzte ere, beste kutsu eta testuinguru bat daukate. Laburbilduz, 1. Euskal Bideojokogileen Topaketa zoragarria izan zen.

 

Bideojokogilea bazara, parte hartu!

Eskerrak eman nahi dizkiegu Ibai Aizpuruari zein animatu diren sortzaileei, halako topaketa ederra sortzerako orduan eskainitako laguntzagatik. Abiatutakoari jarraipena ematea da asmoa orain, eta horri ere ekin diogu. Parte hartu dutenen zein etorri gabe geratu direnen artean taldetxoa sortuta, harreman berri hauek sendotzea eta etorkizuneko topaketak modu organikoan antolatzea bilatzen dugu.

Hortaz, euskal bideojokogilea bazara eta parte hartu nahi baduzu —edo halakorik ezagutzen baduzu—, idatz iezaguzu!