Eusko Jaurlaritzak apustu ederra egin du Euskadin bideo-jokoen industria haz dadin. Egongo da oraindik bideo-jokoak umeen kontua dela pentsatzen duenik. Kobazulotik irten ez badira haien arazoa da. Ez naiz sartuko ekonomikoki mugitzen dituen zifrak defenditzera, ezta kultura arloan ematen duen proiekzioa. Beste sarrera batentzako emango luke. Apustu ona, nire ustez.
Baina apustu hau egiteko bideo-jokoen barruan sartu behar gara: hau da, nola ekoizten diren, eta zeintzuk diren bideo-joko on baten ezaugarririk nagusienak. Asko eztabaida genezake, baina nik hiru zutabetan oinarritzen direla esango nuke:
- Ekoizpen teknikoa: Ikusten ez dena. Ikusten duzuna, engine grafikoan oinarritzen da. Botoi bat sakatzen duzunean, pantailan edonolako aldaketa jarri behar dizu, honetan datza bideo-jokoen oinarria, batik bat (asko laburtuta, egia esan)
- Ekoizpen artistikoa: Ikusten duzuna, nola dago margotuta? Detaile asko edo gutxirekin, marrazki bizidunen antza daukan, zelako koloreak erabiltzen diren, kontatzen den istorioa... Hori guztia ekoizpen artistikotzat hartuko dugu.
- Jostagarritasuna: hau ez da dibertigarria den ala ez bakarrik esatea, hori ez litzateke zilegi. Alde batetik eskaintzen duen esperientzia osoa izan behar da kontutan, kontrolen ikuspegitik. Bestalde, zailtasuna ondo neurtuta egon behar da. Zaila deskribatzen, eta oso jende gutxi da kapaz aukera berriak eskaintzen.
Ideia hauek hartuta, Euskadi jarri nahiko bagenu mundu mapan, hiru arlo horietan sakondu beharko genuke. Alde batetik, teknikoki bikain diren programatzaileak topatu behar dira. Azken finean bideo-jokoak oso software konplexua baitiira, hainbat gauza egin behar baitute oso denbora motzean (16 ms alegia). Hau lortzeko jende asko eta ona behar da. Bestela, beste ekonomi arloetan bezala, teknologia inportatu behar da. Ez da aukera txarra, baina jakin behar dugu arlo horretan nabarmentzea zaila dela.
Artistikoki nabarmentzeko ikasketa berriak ezarri behar dira: gaur egungo Arte Ederretako ikasleek jakin beharko lukete zer eskaintzen duen bideo-jokoen munduak, eta nola haientzat hau bide berria dela haien ideiak ekoizteko. Ez da gauza estatikoa, mugitzen dena baizik, eta pertsonari zer edo zer esan behar diona. Artista ez-teknikoaren ideia guztiz baztertu behar da. Artista berri hauen mihisea PC baten pantailan dago.
Jostagarritasuna da konplexuena, zeren alde batetik behar duzu teknologia ondo aplikatuta, arte ona; eta aldi berean dibertigarria izan. Jende gutxi da kapaza hau lortzeko, eta lan mordoa behar du, lan talde mordoa.
Hau guztia ikusita, esan beharko genuke nahiz eta apustu inportantea egin den Digipen Euskadin ezarriz, ez dela nahikoa. Egia da ikasketengandik hasi behar dela, baina ikasketek bakarrik ez dute balio, industria berri bat sortzeko diru laguntzak behar dira. Baina ez nolanahiko dirulaguntzak: alde batetik, bideo-joko enpresak hazteko oztopo guztiak kendu behar zaie. Paper lana ahalik eta gehien sinplifikatuz, eta zerga aldetik murrizketa handiak eginez (lehendabizi dirua jaso eta gero itzuli; barkatu, ez da enpresei laguntzea). Azken arlo honetan, Quebeceko gobernuak argi ikusi zuen, eta begira emaitza.
Bestalde, Eskandinaviako eredua jarraitzekotan, hezkuntzari aldaketa ederrak sartu beharko lizkioke Eusko Jaularitzak: txikitatik programazioa sustatuz, nesken papera industrian nabarmendu... Ez da kasualitatea Stockholmen egotea bideo-joko enpresa handienetarikoak.
Baina hori beste egunen batean azalduko dugu.
Iruzkinak