Renoko Center for Basque Studies-ean euskal bideojokoentzat tartea izango da Game Erauntsiaren hitzaldiarekin
Euskal diasporan euskarazko bideojokoen berri emango du Game Erauntsiak etzi. Zehazki, Amerikako Estatu Batuetako Reno hirian kokatzen den University of Nevada-n izango da. Unibertsitateko Center for Basque Studies eskolak herrialdean euskal ikasketak eskaintzen ditu. Euskara eta euskal kultura irakasteaz gain urtero hainbat euskal ikerlari erakartzen dituen Jon Bilbao Basque Library liburutegia dago bertan.
Maitane Junguitu Dronda doktorea izango da Game Erauntsia Elkartearen ordezkaria ekitaldian eta Basque Language and video games. Community and professional work in 2021 hitzaldia aurkeztuko du. Hitzaldia asteazken honetan, martxoak 2an, izango da, Euskal Herriko 20:00etan (AEBetako pazifikoko ordu eremuko 11:00etan). Unibertsitateko ikasleei zuzenduta dagoen arren, zoom plataforma bidez munduko edozein tokitik jarraitzeko aukera egongo da. Izena ematea ez da beharrezkoa izango.
HITZALDIA JARRAITZEKO ESTEKA HEMEN
Izenburuak dioen bezala, aurkezpenak euskara eta bideojokoen errealitateari buruz diharduko du. Alde batetik, euskaraz bideojokoak sortzeak eta jolasteak suposatzen dituen erronkak aipatuko dira. Ondoren, 2021. urtean euskaraz argitaratu diren lanak zerrendatuko dira, hauen euskaraketa mota irizpide hartuta. Hitzaldian Game Erauntsiak egiten duen lana azpimarratuko da gainera, diasporan elkartearen lana hedatzeko eta kanpoko euskaldunak bideojokoetan aritzera animatzeko.
Hitzaldi honek Eusko Jaurlaritzak Euskara Aholku Batzordearen bidez zehaztutako euskara ingurune digitalean indartzeko gidalerroekin bat egiten du. Euskarazko bideojokoak ageriko bihurtzeaz gain, hauek sustatzeko eta euskaratzeko beharra azpimarratuko da. Game Erauntsiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin lan egiten du gidalerro horiek betetzeko.
Iruzkinak