Murtziako Unibertsitateko ‘Humanidades digitales: historia y videojuegos’ ikerketa taldeak antolatutako kongresuan parte hartu genuen.

Pasa den astean Murtziako eta Argentinako Mar de Plata hiriko unibertsitateek ‘Historia y Videojuegos’ kongresuaren laugarren edizioa burutu zuten. Bertan arlo akademikoko ikerlariak bildu ginen bideo-jokoak hainbat ikuspuntu desberdinetatik aztertzeko. Kongresua online burutu zen eta publiko orokorrari ere irekita egon zen. Guztira 90 pertsona baino gehiago izan ziren konektatuta hainbat momentutan.

Esanguratsua da gainera hizlarien heren bat baino gehiago emakumeak izan ginela. Gainera, kongresua Internet bidez antolatzeak hainbat herrialdetako parte hartzaileak biltzea ekarri zuen; bi herrialde antolatzaileetaz gain Kolonbia, Mexiko, Alemania, Portugal, Italia, Erresuma Batua eta Japoniatik ere jendea konektatu zen.

Ekitaldiaren izenak adierazten duenez, historiaren irudikapena izan zen ardatz nagusia, baina ez bakarra. Historiaz gain bideo-jokoen erabilpena hezkuntzan, bideo-jokoen garapenari lotutako gaiak eta noski, ikerketa orotarikoak nagusitu ziren.

 

Sorginen kondaira bideo-jokoaren hausnarketa

Aurkeztutako ikerketa guztien artean euskarak eta euskal bideo-jokoek bere tartea izan zuten aurkeztu genuen lanaren eskutik. Izenburuak nahiko argi uzten zuen zein zen jorratu genuen gaia: Euskal mitologiaren irudikapena Sorginen Kondairan: rolak eta generoa.

Hau da, helburua Binary Soul garatzaile bilbotarraren Sorginen Kondaira bideo-jokoaren analisia burutzea zen honakoak kontuan hartuta: euskal mitologia nola irudikatzen da honek azaldutako istorioan, bideo-jokoaren pertsonaia nagusien rolak eta pertsonaia hauen azterketa genero ikuspuntutik.

Ondorioetan azaldu genuenez, Sorginen Kondaira bideo-jokoak euskal mitologiatik hainbat elementu hartzen ditu eta istorio berri bat sortuz interpretazio propioa egiten du. Gainera, emakumezko pertsonaiak gailentzen dira, rol aktiboak hartuz eta indartsu agertuz. Euskarak ere garrantzi berezia dauka, gaztelerazko eta ingelerazko bertsioetan hainbat euskal hitz agertzen direlako.

Hurrengo asteetan ikerlan honi testu itxura emateko asmoa dugu eta artikulu bihurtu. Ondoren kongresuen antolatzaileek duten e-Tramas aldizkarira proposamen bezala bidaliko dugu, beste hainbat ikerlarien lanekin batera argitaratzeko eskaera eginez. E-Tramas aldizkaria 2018. urtean editatzen hasi ziren eta geroztik zortzi ale argitaratu dituzte bideo-jokoei buruzko ikerketekin.

 

Bideo-jokoak sakontasunez aztertuz

Esan bezala, historiaren irudikapena izan zen kongresuaren ildo nagusia eta hainbat ikerlan aurkeztu ziren hori landu zutenak. Bideo-joko asko Japonian ekoizten direnez gero, Japoniako historia, tradizio eta ikonografia lantzen zuten hainbat aurkezpen egon ziren. Horien artean Marcos Sala Ivarsen Ghost of Tsushima bideo-jokoaren armen inguruko hausnarketa oso interesgarria izan zen.

Horretaz gain modan dagoen kultura nordikoari buruz ere hainbat hitzaldi entzun ziren, esaterako Paula Martinez Bernalen The Witcher 3: Wild Hunt bideo-jokoari buruzkoa.

Bideo-jokoak haurrei historia erakusteko baliagarriak direla erakutsi zuen Nafarroako Iñigo Mugueta Moreno ikerlariak. Zehazki, Europa Universalis eta Civilization III ikasgeletan aplikatzeko metodologiaz mintzatu zen.

Ikerketa bitxienen artean Josefa Ros Velascoren lana zegoen. Ikerlari honek bideo-jokoetan heriotza aztertu zuen filosofiaren ikuspuntutik. Bestalde, narrazioari lotuta Dan Tarodo Cortesek denboraren kontzeptua eta testuartekotasuna aztertu zuen The Legend of Zelda sagan.

 

Ekitaldi aberasgarria

Orokorrean parte hartzaile eta antolatzaileak oso pozik amaitu genuen kongresua. Aurrez-aurre izan beharrean online antolatzeak abantailak ere izan zituen, esaterako bertan bildu ginen jatorri anitzeko jende kopurua. Bukatzeko, antolatzaileek aurreratu zuten etorkizunean hainbat online workshopak antolatzeko asmoa dutela gai espezifikoak lantzeko. Zalantzarik gabe esperientzia aberasgarri bat izan zen eta euskara eta euskal bideo-jokoak hedatzen jarraitzeko gogoak areagotu zizkigun.