Bideo-jokozaleek euskarazko streamingak bilatzeko balioko luke. Proposamenak aurrera egin ahal izateko Twitcheko erabiltzaileen laguntza eskatu dute.

Twitch zuzeneko emankizunen plataforma 2011. urtetik etengabe hazi da. Mundu guztira hedatu eta bideo-jokozaleen bilgune nasugienetakoa bilakatu da: egunero bi milioi ikusle baino gehiago batzen ditu.

Hazkunde horretan erabiltzaileentzako hainbat hizkuntza gehitu eta onartu badituzte ere, euskara oraindik Twitchetik kanpo dago. Euskaraz zuzenekoak egiteko arazorik ez dagoen arren, erabiltzaileek ezin dute hizkuntza bezala hautatu, eta beraz ezinezkoa da euskal hiztunen emankizunak aurkitzea bilatzailearen bitartez.

Hori aldatzeko asmoz zuzenekoak egiterakoan euskara hautatu ahal izateko eskakizuna jarri da martxan. Proposamena Nebukai gamer euskaldunak abiarazi du sare sozialetan, euskal bideo-jokozale komunitatearen azaldutako premiari erantzunez.

Lortzeko prozedura

Proposamena onartu ahal izateko erabiltzaileen laguntza ezinbestekoa da. Horretarako Twitchen kontua sortu eta bozka eman beharra dago esteka honi jarraituta. Bozkatu ahal izateko Twitch plataforman erabiltzaile izatea beharrezkoa da.

Eskakizuna onartuz gero "euskarak Twitchen toki bat izan" eta modu horretara edukien euskal sortzaileak "bideojokozale euskaldun gehiagorengana iritsi" ahalko direla uste du Nebukaik.

Guztira 34 dira zuzenekoak egiteko hautetzeke dauden hizkuntzak: katalana horien artean dago. Erabiltzaile katalanek Nebukaik sortu duen bezalako eskakizun batekin lortu zuten beraien hizkuntza Twitchek ofiziala egitea.

Euskarazko gameplayak

Game Erauntsia elkarteak 2014. urtetik darama euskarazko gameplayak interneten hedatzen. Besteak beste, uda honetan Minecraft Skyblock seriea gauzatu du elkarteko kidea den Gari Infernuk.

Guztira, elkartearen webgunean 850 gameplay baino gehiago eskuragarri daude eta euskal bideo-jokalari guztiek aukera dute beraien edukiak argitaratzeko. Norberak bere bideoak hedatzeko egin beharreko gauza bakarra webgunean erregistratu eta youtubeko estekaren fitxa prestatzea da.

Horretaz gain, 2020 irailetik aurrera Game Erauntsiko Twitch kanala euskaraz jarduten duten hainbat erabiltzailei hedapena emateko konfiguratuta dago. Horrela bada, Game Erauntsiko kideak zuzenean jolasten edota bideo-jokoei buruzko ekimenen aurkezpenak jarraitzen ari ez direnean, beste erabiltzaileen emisioak zabalduko dira.