Euskarazko ikus-entzunezko tradizionalak, bikoizketa, bideo-jokoak eta streamerrei buruz jardun ginen mahai inguruan.

Astelehenean Game Erauntsia Elkartea Euskararen erronkak Interneteko plataformetan mahai inguruan elkartu ginen Disney+ Euskaraz egitasmoarekin eta BIEUSE elkartearekin. Izenburuak adierazten duen bezala, helburu nagusia euskarak interneteko plataformetan daukan tokiari buruz eztabaidatzea zen. Horretaz gain herri ekimen desberdinak ezagutu genituen eta euskarazko edukien eskaintza eta sarbideari buruzko gogoeta egin genuen.

Disney Plus Euskaraz plataformaren ordezkari bezala Alex Aginagalde egon zen. Ekimen honek guraso eta euskaltzaleen izenean jarduten du hedabideen aurrean eta beraien beharrak plazaratu zituen.

BIEUSE, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen aldetik Xabier Alkizak parte hartu zuen. Alkiza eskarmentu handikoa da euskarazko bikoizketan eta urteak daramatza aktibismoa burutzen bere arloko profesionalen lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Game Erauntsiaren partetik Maitane Junguituk jardun zuen ordezkari eta moderatzaile bezala. Komunikazioan doktorea da eta euskara eta bideo-jokoetaz aritzeaz gain euskal streamerrei buruz ere hitz egin zuen.

Ordu eta erdi pasata iraun zuen mahai inguruak eta eztabaidagaiak hiru bloketan banatu ziren: euskarazko edukiak eta plataformak, legez-kanpoko ikus-entzunezkoei sarbidea eta ekosistema hau osatzen duten agenteen beharrak eta erantzukizunak.

 

Hauek izan ziren hausnarketaren ondorioak:

Hasteko, Euskal Herrian euskarazko kalitatezko edukiak ekoiztu behar ditugu, guk kontsumitzeko eta kanpoan saltzeko. Horrez gain, kalitatezko edukien eskubideak eskuratu behar ditugu eta hauek euskarara itzuli.

Euskaldunok euskarazko edukiak lortzeko dugun desabantaila nagusiena elebidunak garela da, eta horregatik, enpresa handiek ez dute edukiak euskaratzeko beharra ikusten. Hori gainditzeko bidea Katalunian egin zutena errepikatzea litzateke, hau da, ikus-entzunezko enpresa handiak euskarazko edukiak zabaltzera legez derrigortu.

Horri lotuta, jadanik existitzen diren euskarazko edukientzako sarbide legala bideratu beharko litzateke, esaterako, existitzen diren euskarazko audio track-ak edo soinu fitxategiak zabalduta.

Zalantzarik gabe herri ekimena beharrezkoa da. Historian herritarrak izan dira beraien beharrak instituzioetara eraman dituztenak eta hemen ere horrela ari gara. Zalantzarik gabe, hizkuntz eskubideak bermatzeko erantzukizun handia instituzio publikoek dute.

 

Mahai ingurua berriro ikusi nahi izanez gero hemen duzue:



Egitasmo hau Game Erauntsiak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzatik jasotzen duen babesari esker burutu zen.