Rally lasterketen arkade klasikoa da. Istorioa, multijokalaria eta askotariko txapelketak biltzen ditu. Switch-eko bertsioa ere edukiko du etorkizunean.

ViJuDa estudioak bere bigarren bideo-jokoa kaleratu berri du. Woden GP iaz merkaturatu ondoren, bere jarraipen zuzena den Super Woden GP dagoeneko iritsi da Steam saltoki digitalera. 90eko hamarkadako lasterketen arkadeak gogora ekartzen dituen lana da, berezitasun esanguratsu batekin: guztiz euskaratuta dago, bikoizketa eta guzti.

Portugaleteko Eneko Osaba bideo-jokozaleari esker jokatu daiteke rallyen obra honetara euskaraz. Esan bezala, jokoaren testuak euskaraz irakurtzeaz gain horrela entzuteko aukera ere dago: Osabak rallyetako kopilotuaren esaldiak euskaraz grabatu ditu. Hori horrela, jokalariak adi ibili beharko dira honen azalpenei bihurguneak ziztu bizian hartzerakoan, bide ertzean bukatu nahi ez badute behintzat. Euskaraz jokatzeaz gain, Super Woden GP katalanez, galegoz eta valentzieraz gozatu daiteke beste hainbat hizkuntzen artean.

Rallyak, lasterketa arruntak eta beste hainbat aukera desberdin eskaintzen ditu Super Woden GPk. Horietara ikuspegi isometriko batekin jokatzen da, World Rally Championship bezalako rally bideo-joko arkadeetan ikusitakoa jarraituta. Multijokalaria ere aipatu beharra dago, lau jokalarirentzako tokiko partidak botatzea posible baita ViJuDaren jokoan.

Horrez gain Gran Turismo bezalako auto jokoak gogora ekartzen dituen jokalari bakarrarentzako kanpaina dauka. Sei fabrikatzaile desberdinen auto merkeenak erosiz hasiko dira jokalariak, eta txapelketetan zein lasterketetan parte hartzerakoan irabazitako diruarekin mailaz igo eta are makina hobeak erostea izango da jokoaren helburua, piloturik azkarrena izatea lortu arte.

Irailaren 8ra arte Super Woden GP %40-ko beherapenarekin eskuratu daiteke Steam plataforman. Switch kontsolako jokalariek etorkizunean Super Woden GPrekin gozatzeko aukera edukiko dutela ziurtatu du ViJuDak, baina oraindik ez du argitaratze datarik ziurtatu nahi izan.