107 Pokémon gehitu ditu Julen Aiestaran pokezaleak euskarazko datu basera. Piztien deiturak, estatistikak zein deskribapenak aurki ditzakegu.

Euskarazko Pokedex proiektuak hazten jarraitzen du. Pokémon sagaren laugarren belaunaldiko izakiekin eraberritu da: Lurtoka, Hosteon, Sutemino, Erregaldoi, Enperino edo Jinku piztiak agertuko zaizkigu orain.

Pokémon Diamond eta Pearl ataletakoak dira gehitutakoak. 107 dira, beraz, Julen Aiestaran zaleak hasitako zerrenda itxurosoak jaso dituen sakelako munstro berriak.

Game Erauntsiaren webgunean aurki dezakegun pokedexean The Pokémon Company eta Game Freak taldeek sortutako izakien euskal deiturak irakur ditzakegu: pokemonen jatorrizko izenen etimologiak jarraitzen duten logika mantendu du horretarako Aiestaranek. Adibidez, Lurtoka izena lur + dortoka hitzetatik dator. Turtle + terra, Torterra, alegia.

Pokezaleak egindako lana askoz urrunago doa, hori bai. Deiturekin batera pokémon guztien oinarrizko deskribapenak, estatistikak, eboluzioak, datu orokorrak, gaitasunak, motak edo erasoak biltzen ditu proiektuak.

Lokalizazio lana ez da bukatu oraindik. Geratzen diren belaunaldietako pokémonak euskaratzea zein hauen abileziak eta berezitasunak itzultzea geratzen zaio oraindik Aiestarani.

Ezinbestean aipatu behar da Bingen Galartza informatikariak egindako lana: pokedexari itxura eman dio PokeAPI zerbitzuko irudiak eta datuak erabilita.

Euskarazko pokedexak 493 pokémon biltzen ditu une honetan, lehen lau belaunaldien artean sakelako munstroak hartuta. Errabaurotik Jinkuraino, guztiak Game Erauntsia aurkituko dituzu.