Guilty Gear: Strive, 2XKO, Fatal Fury, Granblue Fantasy Versus eta Tekken 8 tituluen DLCak ere igaro dira. Ninja Master’s nahiz Art of Fighting 3R berrargitaratu dituzte.
Las Vegas hiriak EVO 2026 borroka jokoen txapelketaren egoitza bilakatu da, beste behin. Norgehiagoken artean —aurten izen emate kopurua jaitsi dela dirudi, tamalez— datozen zein dagoeneko estreinatuta dauden bideojokoen berritasunak iragartzeko balio izan du ekimenak: Marvel Tōkon, Avatar Legends edo Rivals of Aether 2 tituluak igaro dira, besteak beste, EVOtik.
Komikietako superheroien borroka jokotik hasita, Samurai Outriders izeneko taldea aurkeztu dute Arc System Works estudio japoniarrekoek Marvel Tōkon: Fighting Souls-erako. Aldez aurretik ezagutzen genuen Ghost Rider-i Blade, Loki eta Deadpool pertsonaiak gaineratu zaizkio; istorio barruan taldea osatuko duten arren, pertsonaiak nahi bezala nahaste aukera edukiko dute jokalariek.
Hauek aurreko State of Play aurkezpenean ezagutzera emandako Knights of Doom taldeari gehitzen zaizkie: Dr. Doom, Magneto, Green Goblin eta Carnage ikusi genituen orduan. Abuztuaren 6an estreinatuko da Marvel Tōkon PlayStation 5ean eta PCan; iragarri berri duten beta irekia uztailaren 24tik 26ra bitartean probatu ahalko da.
Azken aire maisua zein Korrarren kondaira telesailetako pertsonaiak biltzen dituen Avatar Legends: The Fighting Game-k, berriz eduki gehigarriak ezagutzera eman ditu. Lehen urteko DLCekin Iroh, Ty Lee, Lin Beifong eta Bolin ikusiko ditugu, bosgarren pertsonaiarekin batera: Tenzin, Kuvira, Amon, King Bumi edo Asami Sato ezagunen artean bozkatu beharko dute jokoa erreserbatzen duten jokalariek.
Uztailaren 23an PC, PS5, Switch 2, Switch eta Xbox Series gailuetan argitaratuko da Avatar Legends.
Virtua Fighter Crossroads desiratuak Bakunawa Killer izeneko borrokalaria ezagutzera eman du. Pertsonaia misteriotsua ezaguna izango omen da sagaren jarraitzaileentzat, nahiz eta oraingoz aldaketa handiak ikusi ditugun borrokalari sortaren artean. Ryu Ga Gotoky Studio-koen titulua 2027an estreinatuko da.
Rivals of Aether 2 indie borroka jokoak, bestalde, eguneratzeen ibilbide orria aditzera eman du. Aurten borrokalari berriak, ekitaldiak eta Steam Workshop bidezko pertsonaiak zein objektuak —zaleek sortutakoak, alegia— agindu dituzte, baina, datorren urtetik aurrera, kontsoletako bertsioak, kanpaina modalitatea, zortzi jokalarirentzako dueluak, kolore aukerak, borrokalari gehiago, Workshop borrokalekuak zein itxurak eta gonbidatutako pertsonaiak ikusiko ditugu: azken hauetako bat Mina the Hollower sagua izango da. PCan joka dezakegu dagoeneko RoA 2n.
Eduki gehigarriekin jarraitzen dugu. Guilty Gear: Strivek Roby-Ky mitikoa ostegun honetan jasoko du; League of Legends unibertsoan girotutako doako 2XKO-k Lux eta Samira iragarri ditu; Fatal Fury: City of the Wolvesek Hokuto no Ken mangako Kenshiro ezagunaren iritsiera ikusi du; Granblue Fantasy Versus: Risingek Switch 2 bertsioa, Id borrokalaria nahiz 2.60 gaurkortzea estreinatuko ditu irailaren 17an; Dead or Alive 6 Last Round eraberrituak Minato izeneko borrokalaria aurkeztu du; BlazBlue: Central Fiction zaharrak Trinity Glassfille pertsonaia gehituko du, lehena 2017tik; Invincible VS-ek Angstrom Levy gaineratuko du udazkenean; amaitzeko, Tekken 8k Bob abuztuaren 24an kaleratuko du.
SNK enpresaren klasikoak berpizteko ekimena izan da, azkenik, aurtengo EVO lehiaketa. Ninja Master’s nahiz Art of Fighting 3 R mitikoak ikusteko balio izan du. Lehena, ninjak protagonista dituen Samurai Shodown estiloko borroka jokoa, dagoeneko estreinatu da PCan; AoF 3, berriz, garapenean aurkitzen da.
Lander Unzueta
Iruzkinak