Tiro joko kooperatiboa datorren urterako prestatzen ari dira japoniarrak. PC-ra eta kontsoletara iritsiko da.
Atzo gaueko State of Play aurkezpenean ikusitako iragarpen berrietako bat Capcomen eskutik etorri zen. Ekimena zabaltzeko balio izan zuen Exoprimalek, guztion arreta erakartzea lortuta. Premisa, baina, benetan sinplea da: dinosauroak akatzeari ekin beharko diogu tiroketa frenetikoetan.
Dinosauroak eta Capcom aipatuta, Dino Crisis mitikoak gogoratuko dituzue askok. Exoprimalek ez du horiekin zerikusirik izango, protagonistetako bat Reginaren berdina den arren.
Exoeskeleto futuristekin jantzitako pertsonaien kontrola hartuko dugu tiro joko kooperatibo honetan. Trailerrean ikus daitekeenez, partida berean hainbaten artean aldatzeko aukera edukiko dugu: bakoitzak bere abilezia eta indarguneak edukiko ditu, egoera bakoitzea egokitzea gure esku egonda. Istorio ez formala aurkeztuko duela dirudi: etorkizunean dinosauroak portal antzeko batzuetatik agertzen dira lurrean, eta protagonisten lana hauek akatzea izango da.
Ez da erraza izango, ordea: ehundaka pizti ikusiko ditugu pantailan, eta sekulako sarraskietan parte hartuko dugu misioak gainditzeko. Atal grafiko ikusgarriarekin, harritzekoa da une berean biltzen diren munstro kopurua ikustea.
Joko mota nagusiak Dino Survival izena edukiko du. Bertan bost kidez osatutako bi taldek elkarren aurka egingo dute helburu dinamiko batzuk beteta.
2023ra arte itxaron beharko dugu Exoprimal probatzeko. State of Playean aurkeztu arren, ez da PlayStation kontsoletako esklusiboa izango: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan kaleratuko da sareko tiro jokoa.
Iruzkinak