Jakina da uneoro internet sutan dagoela bideojokoen munduaren ondorioz: joko bat oso garesti kaleratu dela alde batetik, downgrade latza jaso duen joko bat bestetik… Ez dago lasaitasun unerik amaraunean!

Duela egun batzuk polemika piztu zuen jokoa Quantum Break izan zen, Remedy estudioaren joko berria, alegia. Hasiera batean XBox One plataformarako esklusiboa izango zen joko hau, baina Microsoft-ek jakinarazi digu PC gailuetan ere eskuragarri egongo dela. Mugimendu positiboa dirudiela esango nuke, baina interneten XBox zaleen kexak besterik ez ziren irakurri egun batzuetan. Remedy-ko langile batek argi utzi zuen guztiz harrituta zegoela jendearen kexekin:

Nahastuta geratu nintzen jendearen erreakzioarekin. Ulertzen dut jendeak pasioa duela bere kontsolarekiko, baina joko bat plataforma gehiagotan kaleratzea gauza positiboa da, jende gehiagok gozatu ahal izango duelako horrela. Nire aburuz, plataforma bat gehitzea, guztiz positiboa da.

Nik ere gauza bera pentsatu nuen, jende gehiagok gozatu ahal izango duela jokoaz eta hori onuragarria dela jokalari guztientzat. Baina saia gaitezen ulertzen zergatik sutu diren XBox One kontsolako jabeak…

Microsoftek suntsituriko bidea?

Lehenik, ulertu beharra dago Quantum Break izan dela XBox One-eko esklusibo handiena. Bai, egon dira beste batzuk, Sunset Overdrive dibertigarria esate baterako, baina beti izan da Quantum Break garrantzitsuena, kontsola berarekin lehen aldiz erakutsi zenetik (duela hiru urte jada!). Hortaz, argi dago XBox One esklusibo aldetik nahiko gaizki geratu dela. PlayStation 4ak esklusibo asko ditu (horietako gehienak oso interesgarriak) eta hortaz, kontsola guda amaigabean Microsoft zaleak argudio gutxirekin geratu dira, zorionez edo zorigaitzez.

Ziur naiz badela kontsola joko honengatik erosi duenik. “Nola da posible kontsola bat joko bakarra dela eta erostea, baina?” galdetuko duzue batzuk. Egia da erabakiak ez dirudiela oso arrazoizkoa, baina Uncharted 4 jolastu ahal izateko PS4 erosi duenetako bat izanik, zer esan dezaket nik? Zer egin dezakete orain erosle horiek, kontsolaz gain ordenagailu egoki bat badute? Belaunaldi berriko gailuek duten prezioa alferrik ordaindu duten susmoarekin geratu? Guztiz ulergarria da jendea kexaka aritzea halako egoera baten aurrean.

Microsoft, interneten sortu den leherketa saihestu nahian

Zoritxarrez, dagoeneko berandu da egoera hau konpontzeko, baina hau saihestu zitekeela dirudi, Microsoft-ek nahi izan balu. Albiste hau lehenago kaleratuz saihes zitekeen gora-behera guztia, hain zuzen ere. Oso zaila da sinestea orain arte ez zekitela ezer, halako jokoen bertsioak egitea oso zaila dela jakina baita, eta hortaz, ahal bezain beste kontsola saldu ahal izateko mugimendua izan dela dirudi.

Zalantzarik gabe gai polemikoa izan da hau, eta sortu dituen arazoak saihesteko intentziorik ikusi ez badugu ere, alde positiboa ikusten saiatu beharko ginateke: jende gehiagok gozatu ahal izango du Quantum Break jokoaz. Utz ditzagun guda eta eztabaidak, eta hitz egin dezagun jokoei buruz, behingoz.