Mario Kart eta Super Smash Bros. sagetan ordezkatuta ikusten dugun bideojokoa da F-Zero. Gaur egun beste joko horiei esker bizirauten badu ere, Captain Falcon eta etorkizuneko beste gidariek arrakasta handia izan zuten garai bat ere izan zen; merezitako arrakasta, F-Zero izenpean Nintendok hainbat joko bikain argitaratu zituen-eta.
Bideojokoen jarraitzailea izan ala ez, gutxi dira Nintendo ezagutzen ez dutenak. Are gutxiago bere bideojoko nagusien berri izan duena: Mario, Zelda, Donkey Kong edota Pokemon nazioartean arrakasta izugarria lortu duten bideojoko sagak dira. Horien artean lasterketen jokoak ere daude: hainbat Mario Kart daude Nintendoren historian salmenta hoberenak lortu dituzten obren artean.
Hori horrela, azken urteetan Nintendok lasterketen generoan egindako saiakera guzti edo gehienak Mario Kartekin egindakoak izan dira. Familia guztiarentzat zuzendutako arkade erako gidatzeko jokoak. Askok hori bakarrik ezagutzen duten arren, Nintendok bere hastapenetatik mota guztietako lasterketa jokoak egitera ausartu da. Gehienek arkade kutsu hori izaten zuten arren, hainbatek ukitu errealistago edo zailago bat ere izaten zuten, simulagailuek eskaintzen zuten gidatzera hurreratuz.
Wave Racek eskaintzen zituen itsas-lasterketak, 1080 Snowboardingekin bizitako mendi jaitsiera estu eta gogorrak, Excitebike 64ko motorrekin igaro beharreko zirkuitu teknikoak... Esan bezala, arkade estiloa mantendu, baina aldi berean jokalariari jokatzen ikastea exijitzen zioten lasterketa bideojokoak sortzen zituen Nintendo bat ere bazegoen. Eta estilo hori buruan izanik sortutako obren artean errege bat zegoen jokalarien artean: F-Zero.
Jatorrizko F-Zero SNESerako argitaratu zen 1990. Nintendok garatutako Mode 7 renderizazio sistemaren erakusleiho bezala sortuta, jokalarien artean arrakasta handia lortu zuen. Erreflexu azkarrak ezinbestekoak ziren lasterketetako helmuga lehenengo igarotzeko, eta areagotuz joaten zen zailtasunak jokalariak erakartzen zituen. SNESeko jokoaren gameplaya ardatz hartuta hainbat ondorengo izan zituen F-Zerok: Nintendo 64, Game Boy Advance, Gamecube eta arkaderako jokoekin guztira zazpi joko sortu zituen Nintendok.
Nintendo eta Segaren elkarlana
Etorkizuneko lasterketak biltzen dituzten joko bilduman zaleen artean goraipatuena Gamecuberako sortutako obra dugu ziur asko, F-Zero GX. 2002an Nintendok Namco eta Segarekin elkarlanean arkadeetarako plaka bat sortzen ari zela iragarri zuen, Triforce izenarekin. Elkarlanaren helburua Gamecubeko jokoak modu erraz batean arkadeetara eramatea zen, eta aldi berean arkade horiekin jokalariei Gamecubean jokatzea erakargarria bilakatzea.
Plaka sortu ondoren Nintendok Segari Triforcerako eta Gamecuberako "nabarmena izan behar zen eta arreta erakarri behar zuen" joko bat sortzeko enkargua eman zion. Segako Toshihiro Nagoshik F-Zero berria sortzeko ideia proposatu eta Nintendoren baiezkoa jaso zuen; Nagoshiren hitzetan, SNESeko F-Zerok "joko batek nolakoa izan behar zuen" irakatsi zion. Shigeru Miyamotok eta Takaya Imamurak jokoen ikuskatzaile lanak hartu zituzten.
Hala, arkade eta kontsolarako bi bertsio desberdin eratzen hasi ziren. Triforcerako egindakoa F-Zero AX deitu zuten, eta Gamecubekoak GX azpititulua jaso zen. Bi jokoek berdintasun nabarmenak dituzte: grafikoki berdinak dira, eta gameplay aldetik oso antzekoak izan arren, AXek partida laburretara zuzendutako zirkuituak ditu, checkpointekin egituratuak. Pertsonaia, ontzi, zirkuitu eta ontzien atal desberdinak izan arren, AXko elementu guztiak GXn desblokeatu daitezke; Gamecuberako bertsioa nagusia izatea zen Nintendoren eta Segaren asmoa.
Lasterketak eta askoz gehiago
Horrela izanik, bertsio nagusiak dozenaka elementu eta atal ditu bere baitan. Hasteko ohikoak diren Grand Prix, Versus, Time Attack edota Practice atalak ditugu. Bost kopatan banatutako 26 zirkuitutan lehiatzeko aukera eskaintzen digu GXk; hasiera batean hiru kopa soilik izango ditugun arren laugarren kopa eta AXko zirkuituak biltzen dituen kopa berezia desblokeatu ahalko ditugu. Zirkuitu askok girotze berbera partekatzen duten arren, bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu.
Lasterketetan etorkizuneko ontzi ultrasonikoetan ariko diren 30 gidarik parte hartzen dute. Hasieran lau gidariren artean aukeratu ahalko dugun arren, gainerakoak dendan erosi beharko ditugu kopak irabazterakoan eskuratuko ditugun tiketen bitartez. 30 gidari horiez gain beste 11 pilotu desblokeatzeko zain egongo dira. Ez hori bakarrik, erosiko ditugun pieza desberdinekin gure ontzi propioak sortuko ditugu. Ontzi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bata bestearen arteko desberdintasunak nabarmenak dira.
Aipatutako atalekin batera, Story atala ere izango dugu. Bederatzi kapitulutan banatuta, horietan Captain Falcon protagonista modura hartuta erronka desberdinei aurre egin beharko diegu. Batzuk zirkuitu berezietan biziko ditugun lasterketak dira, baina erronken artean etsaiak akatzea edota eztanda egin behar duen lantegi batetik ihes egitea ere ikusiko ditugu. Kapitulu bakoitzak bere zinematikak ditu: umore kutsuan sortuta, kalitate maila bikaina dute eta istorioak aurrera egiteko balio dute.
F-Zeroren ezaugarri nagusietako bat lasterketek duten zailtasun handia da. Grand Prix zein Story ataletako lasterketan garaile izateko gure ontzia zehazki kontrolatu eta aldi berean zirkuituen ibilbidea ondo ikasi beharko ditugu. Ibilbideek bihurgune estuak, ezinezko jauziak eta baranda gabeko eremuak izan ohi dituzte; 2.000 kilometro orduko abiaduretan mugimendu zehatzak egitea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko.
Zailtasun maila altuenetan beste gidarien kolpeak ere jasan beharko ditugu. Izan ere, erasoak egitea ere posible da F-Zeron. Ontzi bakoitzak bere energia barra dauka; barra hori lasterketa bakoitzaren bigarren biran aktibatuko den turboa erabiltzeko barra berbera da, gainera. Horrek estrategia kutsu bat ematen die lasterketei: nire energia gordeko dut ala turboa erabiliko dut? Zirkuitu bakoitzak energia hori berreskuratzeko guneak izango ditu, turboa erabiltzeko unerik onena zein den pentsatzea gakoa izanik.
Elementu horiekin zirraraz betetako lasterketak eratzen ditu F-Zero GXk. Jokatzen ordu kopuru erraldoia eman duenak ere beti adi egon beharko du lasterketetan, akats bakar batek Grand Prix guztia pikutara bidaltzeko arriskua dago-eta.
GXk Gamecuberako maila aparta erakusten du grafikoki. Ziztu bizian zeharkatuko ditugun eszenarioak modelatze lan sinplea duten arren, xehetasunez eta kolorez beteta daude, mundu bereziak eratuz horrela. Lasterketetan parte hartzen duten 30 ontziek efektu mordoa erakusten dituzte; nabarmentzekoak dira turboa zanpatzerakoan ikusiko dugun efektua edo ontzia suntsitzerakoan egindako eztanda eta leherketak. Guzti hori 60 irudi segunduko abiaduran, joko liluragarria eratuz.
Etorkizuneko lasterketak girotzeko, nola ez, rocka eta teknoa nahasten dituen soinu banda bikaina edukiko dugu. Giro berbera partekatzen duten zirkuituetan entzungo dugun musika berdina izan arren, soinu bandak kanta ugari ditu bere baitan. Gidari bakoitzak bere abestia dauka, eta sekretuen artean kanta klasikoen bertsio berriak desblokeatzeko aukera ere izango dugu.
Kritikaren aldetik arrakasta handia lortu zuen F-Zero GXk. Jokoa argitaratu zen garaiko aldizkari ezagunenen aldetik balorazio bikaina jaso zuen: IGNk 9.3 bat eman zion, 9 bat jaso zuen Eurogamerren aldetik eta 8 bat Edgen aldetik. Urteak igaro ahala kultuzko bideojokoa bilakatu da sarean, eta askorentzat Nintendok argitaratutako lasterketa jokorik onena da.
Joko bikaina sortu arren, GX azken F-Zero handia da. Nazioartean 1.5 milioi kopia baino gehiago salduta, bere ondorengoak Game Boy Advancerako argitaratutako bi joko izan dira. Mute City eta Big Blue zirkuitu ezagunak Mario Kart 8n bisitatzeaz batera, Captain Falconek Super Smash Bros. borroka jokoetako pertsonaiarik ospetsuena izaten jarraitzen du, baina Nintendo ez dago prest F-Zero berri bat argitaratzeko.
Dena den, lasterketa jokoen saga zirraragarri honen zaleak beti egongo dira prest F-Zerora bueltatzeko, modu batera edo bestera.
Iruzkinak