Nintendo 64-ko klasikoa Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpidedunentzat bakarrik izango da.
N Handikoek beren titulu klasikoak berreskuratzen jarraitzen dute. Hurrengoa bihar itzuliko da: 1998. urtean Nintendo 64rako estreinatutako F-Zero X lasterketa joko futurista izango da.
64 bits-eko kontsolako gainerako jokoekin gertatu bezala, Switch kontsola hibridoan jokatzeko bidea Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzua izango da. Horren harpidedunek soilik gozatuko dute Captain Falcon eta gainerako gidarien etorkizuneko lasterketekin.
30 ontzi, milaka kilometro orduko abiadurak eta zirkuitu zoroak biltzen ditu Nintendoren joko maitatuak. N64-rako kaleratutako jokoetatik segundoko 60 irudietako tasarekin funtzionatzen zuen bakarrenetarikoa zen; ez da marka makala, hiru dimentsiotako atal grafikoa duela kontuan hartuta.
Atal teknikoa mantenduko badu ere —gogoratu joko hauek emulatzaile bidez funtzionatzen dutela—, multijokalari aldetik sarean jokatzeko aukera gehituko dute japoniarrek.
Hainbat izan dira Expansion Pack zerbitzua joan den urrian abiarazi zutenetik Switchera iritsitako N64-ko bideojokoak. Hemen zerrenda osoa:
- Super Mario 64
- The Legend of Zelda: Ocarina of Time
- The Legend of Zelda: Majora’s Mask
- Mario Kart 64
- Banjo-Kazooie
- Dr. Mario 64
- Mario Tennis
- Paper Mario
- Sin & Punishment
- Star Fox 64
- Operation WinBack
- Yoshi’s Story
Kontsola hibridoaren online zerbitzuaren harpidetza garestiena da Expansion Pack. Nintendo 64 eta Mega Drive kontsoletako joko klasikoak eskaintzen dituzte bertan —SEGA-renaren kasuan ez dira eskaintza berritzen joan—, baita beste onura batzuk ere: adibidez, Animal Crossing-eko Happy Home Paradise zein laster estreinatuko den Mario Kart 8 Deluxe-n Booster Course Pass eduki gehigarriak doan jasoko dituzte erabiltzaileek.
Iruzkinak