Battle royale honetako jokalariek etorkizunera bidaiatuko dute minijoko berrietan. Among Usekin elkarlana aurreratu dute trailer zinematikoa

Mediatonic Epic Gamesekin batu da, baina halere ez dute atsedenik hartu beraien joko arrakastatsua handitzeko lanekin jarraitzeko orduan. Fall Guys: Ultimate Knockouten laugarren denboraldia laster iritsiko da PCra eta PlayStation 4ra: martxoaren 22a izango da minijokoak eta bestelako berritasunak jasoko dituen eguna.

Eguneraketaren data trailer zinematikoarekin iragarri dute garatzaileek. Bertan jokalariek ikusiko dituzten joko eta estetika berrien aurrerapentxoa islatu dute: 4041. urtera bidaiatuko dute Fall Guyseko pertsonaiek laugarren denboraldi honetan. Estetika retrofuturistarekin jokatuko diren Skyline Stumble, Big Shots edota Power Trip bezalako desafioak batuko ditu eguneraketak. Guztira zazpi froga berri gehituko dituzte oraingoan.

Joan den urteko beste fenomeno bati egindako keinua ere ikus daiteke trailerrean: Among Us. Mediatonicekoek prentsa oharrean hori aipatzen dute, “zerbait susmagarria dagoela” esanez. Ikusteko dago beraz InnerSlothen joko arrakastatsuarekin bat egingo duen Fall Guysek.

Fall Guys: Ultimate Knockout PCrako eta PS4rako eskuratu daitekeen arren, Xboxerako eta Switcherako iragarrita dago: uda honetan estreinatuko dira Microsoften eta Nintendoren kontsoletan.