Mediatonicek garatutako Party Battle Royaleak 60 jokalari batuko ditu.

Iaz Devolver Digitalek egindako udako aurkezpenean ezagutu genuen Fall Guys Ultimate Knockout. Urtebete pasata, Devolver Digital Directean argitaratze data iragarri dute: abuztuaren 4an estreinatuko da Party Battle Royale hau PC eta PS4 plataformetan.

Bideojokoak Takeshi’s Castle telesail ezaguneko formatua battle royale generoko jokoekin bateratzen du. 60 jokalari batuko dira Fall Guysen partidetan; horien helburua helmugara bizirik iristea izango da.

Partidak txandaka biziko dira, eta bakoitzak froga desberdin bat proposatuko du. Froga gainditzen dutenek hurrengo txandara igaroko dira.

Horretarako era guztietako oztopoak gainditu beharko dituzte lasterketa zoro eta frenetikoetan. Arrabola eta pendulu erraldoiak, mugitzen ari diren plataformak eta beste hainbat oztopo ikusiko dira battle royale honetan. Minijkoetan ere parte hartzeko aukera egongo da: futbol partidak biziko dituzte jokalariak, adibidez.

Jokalariek beraien pertsonaia pertsonalizatu ahalko dute gainera. Era guztietako jantzi eta txapelak ikusiko dira; pertsonalizatzeko jantzi berezi batzuk Collector’s Editionaren baitan eskainiko dituzte.