Fallout London espantsio maila izango duen komunitatearen lana da. 2023an kaleratzeko asmoa agertu dute.

Mod sortzaileen lana beti da jarraitzekoa; are gehiago talde erraldoia ikaragarrizko sorkuntza egiteko batzen denean. Hori da, hain zuzen ere, Fallout 4ren mod berriaren kasua: Fallout London aurkeztu berri du Bethesda-ren jokoaren zaleen komunitateak.

Izenak dioen modura, AEBetatik Londresera eramango gaitu mod honek. Asmoa apokalipsi osteko egoera parlamentu britainiarreko ateetara eramatea dela azaldu du Dean Carter sortzailearen taldeak. Horretarako, Erresuma Batuko hiriko girotzea prestatzen aritu dira: istorioa, eraikinak, pertsonaiak, fakzioak, armak, objektuak eta misioak guztiz desberdinak izango direla agindu dute. 2237. urtean girotuko dute; hau da, Fallout 1 eta 2 artean.

Espantsio mailako moda prestatzen ari direla diote zaleek. Londresen tamaina murriztuta egon arren, Fallout 4ko Commonwealth kokalekuko tamaina bera izatea aurreikusten dute. Nola ez, AEBetatik kanpo egonda ahaztu Vault-Tec ikusteaz: bunkerrak eta bestelako erakunde ilunak egongo dira, baina kutsu propioarekin.

Iragarpena trailer ikusgarriarekin egin dute: oraindik luzerako dute, baina argi geratzen da egindako lana ez dela txantxetan hartzekoa. Atal grafikoa eta estetikoa jatorrizko jokoaren berbera da, baina girotzea benetan landu dute. Prestatutako aldaketen artean, suzko arma gutxiago ikusiko ditugula nabarmentzen dute; Londresen kolpeka aritzeko tresnak arruntagoak dira.

Fallout London PC-an soilik jokatu ahalko dela aurreratu dute garatzaileek: horretarako, Fallout 4 nahiz bere eduki gehigarriak ezinbestekoak izango dira.

Une honetan garatzaile gehiagoren bila dabiltza: adierazi dutenez, edozein langile motaren laguntza eskertuko dute. Hala ere, argitaratze data finkatuta daukate: Fallout London datorren urtean argitaratzea da zaleen talde honen asmoa.