Lehen jostagarritasun bideoa erakutsi dute. PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Stadiarako kaleratuko dute mundu irekiko tiro jokoa.

E3 aurre joko handien iragarpen eta bideo berriekin jarraitzen dute garatzaileek. Pasa den udatik ezer gutxi zehaztu ondoren, Ubisoften aldetik bere mundu irekiko tiro jokoen saga arrakastatsuaren seigarren atalaren berritasunak ematea erabaki dute: urriaren 7an argitaratuko dute Far Cry 6.

Argitaratze datarekin batera jostagarritasun trailer sakona erakutsi dute frantsesek. Bertan jokalariek bisitatu eta esploratuko duten kokaleku berria ezagutu dute: Yara. Kubatar girotzearekin hiriak eta herrixkak zein oihanak eta kostaldea batzen ditu herrialdeak.

Nola ez, gune eder zein arriskutsu hau bilau baten agindupean egongo da. Oraingoan Giancarlo Esposito aktore ezagunaren aurpegia duen Anton Castilloren aurka egin beharko dute jokalariek.

Dani Rojas protagonistaren kontrola hartuko dute horretarako: abentura hasterakoan bere sexua aukeratu ahalko da, Assassin’s Creed bezalako Ubisoften azken jokoetan ikusi bezala. Aurreko Far Cryen egitura berbera jarraituko du seigarren atalak: mapa erraldoia esploratu eta bertan hainbat misio bete beharko dira.

Oraingoan armak eta ibilgailuak pertsonalizatzeko aukera edukiko du protagonistak, gauza benetan zoroak ikusita: horien artean daude Guapo deitutako krokodiloa eta Chorizo txakurra. La Macarena abestia jotzen duen CD jaurtigailua hilgarria izango da, baina arma arruntagoak ere eskuratuko ditu Rojasek.

Liberacion deitutako gerrilla taldearekin ariko dira protagonistak Yara salbatu nahian. Hainbat base sekretu dituzte sakabanatuta mapa osotik zehar; etsaiekin antzekoa gertatuko da, sagaren ohiko kanpamenduak itzuliko baitira. Horiek bereganatzea izango da abenturako helburuetako bat.

Askatasuna agintzen dute garatzaileek alderdi horretatik: edozein lekutara joan ahalko dira jokalariak hasiera batetik, baina zailtasun handiko guneetan bizirik irautea benetan zaila izango da.

Datozen egunetan jokoaren inguruko albiste gehiago edukitzea aurreikusten da: izan ere, Ubisoft Forward aurkezpena E3aren baitan egingo dute ekainaren 12an.

Far Cry 6 PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Stadia plataformetarako kaleratuko dute urriaren 7an.