Okomotive izeneko garatzaile taldeak eratutako bideojokoa da. 2018ko maiatzaren 18an kaleratu zuten Windows-erako eta macOS-erako, 2019ko apirilean PlayStation 4rako eta Xbox One-rako, 2019ko abuztuan Nintendo Switch-erako eta 2020ko urrian Android-erako eta iOS-erako. Egileek jokalari bakarrarentzako apokalipsi ondorengo abentura bezala aurkezten dute.

 

Okomotivea eta ni

Hasieran, arropa gorriak darabiltzan protagonista gizon baten hilobi baten aurrean agertzen zaigu, garaieragatik izaki txikia edo umea dela esan daiteke. Hau egin ondoren martxan jartzen da, bere etxea zeharkatzen du, eta tamaina handiko ibilgailu handi batean sartuko da. Makina handi hau, Okomotivea deitzen da, garatzaile taldea bezala, eta abenturan zehar protagonistak izango duen bidelagun garrantzitsuena izango da. Istorioan zehar bien arteko lotura garatuko da, egoera eta erronka askori egin beharko baitiete aurre biek batera.

Kamera urrundu daiteke, ondoren zer datorkigun aurreikusteko.

Jokoak ez du modu esplizituan azalpen argiegirik ematen, baina bidaia luzean zehar ikusi eta entzungo ditugun informazio printzek ideia bat eratuko dute jokalariaren buruan. Argi dago iraganean moduren bateko apokalipsi bat gertatu zela, bisitatuko ditugun toki guztiak aspaldi deslaiturik baitaude, erabat abandonaturik.

Okomotivea erabiliz paisaia bakartiak ezagutuko ditugu, hauetako asko mortu hutsak izango dira, errautsezkoak zein izotzezkoak izan. Hala ere, gizateriaren arrastoek ere beraien lekua izango dute, tarteka gizakiek eginiko eraikin eta gailuekin interakzioan ere ibili beharko baikara. Protagonistaren helburua beti izango da aurrera ekitea, jokoaren amaierako helmuga aurkitu arte. Behin bukatuta, zalantzarik izatekotan, sarean hainbeste informazio dago irudimenak sortutako mundu honi buruz.

Teknikoki 2.5 dimentsioko jokotzat har daiteke, terminoa sortu zenean gehien erabiltzen zen eredukoa. Hots, jokoa praktikan bi dimentsioko jokoa da, baina objektuak hiru dimentsiotan daude sortuta. Ez dago jokalariak erabil dezakeen kokalekuen sakonerarik, beraz ezkerretik eskuinera egingo du abentura, eta ez da “gorantz edo beherantz” oinez egiteko aukerarik egongo, 2.5 dimentsioko jokoen eredu berriago batzuen kasuetan bezala.

Kasu batzuetan Okomotivea bera baino handiagoak diren ibilgailuak erabiliko ditugu.

Kontrolak oso sinpleak dira, ezkerrera zein eskuinera mugitu ahal izango du pertsonaia jokalariak, baita jauzi egin ere. Erortzerakoan, garaiera handi batetik egiten badugu, protagonistaren arropak puztu eta paraxuta bailitzan, erorketa zeharo geldotuko du.

Horrez gain, objektuak hartzeko eta askatzeko gaitasuna dauka pertsonaiak, hainbat kudeaketa egiteko beharrezkoa izango dena. Asko erabiliko den beste zerbait botoi handiak sakatzea izango da, baina horretarako hauen aurka oinez egitea edo salto egitea besterik ez da egin beharko. Bukatzeko, jokoak kamera hurbiltzea zein urruntzea baimentzen du, atazaren arabera lana erraztuko duena. Garrantzitsua da, perotagonista Okomotive barnean dagoela ibilgailuaren barnealdea ikusi ahal izango delako, bertan egin beharrekoak askoz errazago egin ahal izateko.

Argi dago iraganean moduren bateko apokalipsi bat gertatu zela, bisitatuko ditugun toki guztiak aspaldi deslaiturik baitaude.

Deskribatzerakoan, batzuek esplorazio jokoa dela diote etengabe bidaiatzen ibiliko garelako, baina argitu nahi dut ez dela bideojokoen arloan honela izendatu ohi dugun esplorazio joko horietako bat. Izan ere, abentura erabat lineala dugu, bide bakarra jarraitzen duen horietakoa, beraz, esploratu gabe utz dezakegun oso eduki gutxi dago.

Oso erabilgarria da Okomotivearen barnealdearen ikusmira kudeaketak egiteko.

Jokalariaren zeregin handiena mikrokudeaketak aurrera eramatea da, bideojokoak ia uneoro jarriko gaitu zerbait zaintzen: azeleragailua martxan dagoela, frenua edo balazta beharrezkoa denean, erregaia prest dagoela, bela edo haize-oihalak ondo zabalduta daudela, piztu den suren bat itzaltzea, ibilgailuari hautsi zaion atalen bat konpontzea, kanpoaldetik objektuak batzea, motoreak presio larregi duenean lurruna askatzea…

Hala ere, egileek jakin zuten kudeaketa hauen eta bestelako zereginen arteko oreka ezartzen. Aldiro, gure Okomotivea geratu egin beharko da, itxita dagoen ate bat aurkitu dugulako edo bestelako arrazoiren batengatik. Orduan, pertsonaia kanpoaldera irten beharko da egoerari konponbide bat aurkitzeko. Sarritan makineria handia maneiatu beharko du Okomotiveak bere bidea jarraitzeko aukera izan dezan.

Batzuetan erregai bezala erabil daitezkeen materialak aurkituko ditugu.

Suntsiketaren ondorengo mundu bakartian

FAR: Lone Sails-ek aipatutako mikrokudeaketak eta geltoki bakoitzean egin beharrekoak uztartzen ditu bizitasunaren gabezia adierazten duen mundu baten bakardadearekin. Hain da handia islatzen duen hustasuna, mikrokuadeaketak ondo daramatzagunean zooma kanporantz mugitu eta ikusmiraz gozatu ahal izango dugula. Zenbait unetan, bideojokoak, erabat geldirik daudela diruditen tokiek ulertarazten duten lasaitasuna helaraziko dio jokalariari.

Jokalariaren zeregin handiena mikrokudeaketak aurrera eramatea da, bideojokoak ia uneoro jarriko gaitu zerbait zaintzen.

Honi esker, zenbait jokalarirengan eragin interesgarria izan dezake: “ezer gertatzen ari ez dela” dirudien arren “zerbait sentiarazten” duela adibidez. Kasu positiboetan, batzuentzat denborapasa entretenigarria izango da eta beste batzuentzat une hunkigarriak dauzkan abentura.

Geltoki batzuetan gure Okomotivearentzako atal berriak aurkituko ditugu.

Atal artistikoari dagokionez kohesio handiko lana da. Kolore paleta modu minimalistan hautatua izan da eta denborarekin aldatzen doan arren, oso modu neurtuan egiten du. Gauzak horrela, beltza, grisa, zuria eta gorriaren erabileraz beharrezkoa den guztia adierazten du jokoak kasu askotan, kolore gorria garrantzia bereziko objektu eraginkorrentzako utziz.

Soinuaren aldeak ere antzeko zerbait egiten du, ondo aukeratutako estimulu txikiekin eragin handia lortuz, gainera, irudia eta soinua modu onean lotuta datoz.

FAR: Lone Sails bideojokoak eskaintza berezia egiten dio jokalariari: zeregin sinpleak kudeatzeko, paisaia bakartiez gozatzeko zein esperientzia lasai bat bizitzeko balio duena. Abenturan zehar jokalaria eta Okomotive ibilgailuaren artean harreman bat ezarriko da. Steameko erabiltzaileen iruzkinetan %94ko batazbeste positiboa lortu du hiru ordu inguruko iraupena duen joko berezi eta labur honek.