Remedy Entertainment-ek xehetasun guztiak eskaini ditu. Control eta Alan Wake jokoen unibertsoan girotzen da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako obra.

Remedy estudio finlandiarrak FBC: Firebreak jokoari estreinaldi eguna jarri dio. Lehen pertsonako tiro joko multijokalaria ekainaren 17an kaleratuko du.

Control bideojokoaren FBC (Federal Bureau of Control) bulegoetara itzuliko gara Firebreaken —horrela, Alan Wake sagarekin ere lotzen da titulua—. Aditu taldearen rola jokatuz, era guztietako munstroak akabatu beharko ditugu misio desberdinetan.

Merkaturatze data zehazteko garatzaileen bideo berezia argitaratu dute; bertan, abentura kooperatiboaren ezaugarriak eta xehetasunak zehaztu dituzte egileek. Era batean, Left 4 Dead estiloko jokoaren aurrean gaude: hau da, lehen pertsonan biziko ditugu naturaz gaindiko izakien aurkako tiroketak, baina, oraingoan, gehienez beste bi lagun edukiko ditugu gure aldamenean.

Armak zein tresnak hobetzeko elementuak lortuko ditugu misioak gainditu ahala; izan ere, denetariko objektu eroak bilduko ditugu, eta hauek eraldatzen joango gara. Eskopeta edo pistola arruntak maneiatuko ditugu, baita suzko edo elektrizitatezko tresna bereziagoak.

Konfiskazioak (Requisitions) izeneko eduki gehigarriak aurkeztu dituzte, gainera. Helldivers 2ko DLCn antzeran funtzionatuko dute: alde batetik, doako edukien artean egongo dira misio, kokaleku, arma, armadura eta ekipamendu berriak; bestetik, ordainpeko konfiskazioekin itxura bereziak eskura ditzakegu. Horrela, zerbitzu jokoak erosleentzako egokia izatea bilatzen du Sam Lake sortzailearen taldeak.

FBC: Firebreak PlayStation 5, Xbox Series zein PC gailuetan estreinatuko da ekainaren 17an. Azken bietan Game Pass harpidetza bidez jokatu ahalko da.