Larunbat honetan (urriaren 12an) zita garrantzitsua izango dugu euskal bideojokozale eta ekoizle guztiok Bilbon, Azkuna Zentroan. Izan ere, Jokotekniaren bigarren edizioa prestatu baitugu Azkue Fundazioa eta Game Erauntsia elkartearen artean, bai eta DigiPen, Harrobia, CodeSyntax edota Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Informazio gehiago jokoteknia.eus webgunean.

Aurtengoa ere goiz beteko egitarau oparoa izango da eta publiko ezberdinarentzat oso interesgarriak izango diren hitzaldiekin osatu dugu ekitaldia. Jorratuko ditugun gaien artean daude feminismoa, bideo-joko garapena (joko motoreak eta gameplay diseinuak), bideo-jolasen kontserbazioa eta nola ez, gure inguru hurbilean bideojokogintzarako sor daitezkeen aukeren gaineko hausnarketa bat.

Jokoteknia bideo-jokoei buruz euskaraz eztabaidatzeko gune moduan sortu zen, baina aldi berean, bada baita euskal bideojokogintzaren termometro bat ere. Asko dago egiteko eta sortzeko, euskal bideojokogintzan dena asmatzeko dagoela esan daiteke. Bada garaia bideo-jokoek ere gure ikuspuntua izan dezaten. Zer nolako bideo-jokoak izan nahi ditugu etorkizunean? Nolako gamer kultura osatuko dugu gure lurraldean? Eta nolako merkatu eta eskaintza sortuko dugu munduari begira? Badago horretarako indarrik? Nondik hasi? Zer etorkizun dute gure eskoletan formatutako ikasleek? Zertan dabiltza gure inguruko adituak? Zer teknologiarekin zer joko mota garatzen dituzte?

Oparitxoak eta bideo-joko baten zozketa

Gogoratu bertara hurbiltzen zareten guztiok opari poltsatxo bat eta hamaiketakoa doan izango duzuela eta nola ez, hitzaldien amaieran BIDEO-JOKO bat zozketatuko dela!

Aditu gonbidatua

Aurten ere, bideo-jokogintzan buru-belarri ari den aditu bat ekarriko dugu jardunaldira. Louis Schnellback, Parisen bizi den euskaldun berri hau Ubisoft mundu mailako enpresa esanguratsuan Ghost Recon Wildlands jokoan online/sare garatzailea izandako da eta Assassin’s Creed Odyssey jokoan berriz, motore garatzailea. Azken aldian berriz, Novaquark-en Dual Universe jokoan zerbitzari garatzaile moduan ari da. Hitzaldia frantsesez egingo badu ere, aldi bereko itzulpena eskuragarri izango duzue. Ziur oso gauza interesgarriak kontatuko dituela!

Luxuzko gonbidatu da beraz; ez zenuke bera ezagutzeko aukera galdu beharko!!

Izen ematea

Jar ditzagun bada motorrak berotzen, horri guztiari eta gehiagori forma ematen saiatuko gara. Ez galdu aukera hau eta eman izena jokoteknia.eus webgunean!

Egitaraua

9:00 Aurkezpena

9:15 Bideo-jolasak eta kontserbazioa: erronkak eta geroa (Txus Ordorika)

9:50 Feminismotik bideo-jokoetara (Jone Zalduegi Urresti)

10:25 Bideo-jokoak zenbakitan: enpresak eta erabilera (Mikel Etxeberria Agirresarobe)

11:00 Zer dago bideo-jokoen barnean? (Louis Schnellbach)

11:35 Atsedenaldia (kafea)

12:10 Gameplaya: teknologia eta diseinuaren arteko harian (Ander Goenaga Iriondo)

12:45 Mahai-ingurua: Euskal bideo-jokoen etorkizuna eraikitzen

Egitarauaren irudia

Aurreko edizioko bideoa osorik