Urtero bezala Iraila iritsi da eta futboleko simulatzaileen erregea ate joka dugu. Aste bat baino gutxiago falta da gure eskuetan izateko, baina badira egun batzuk bere demoa probatzeko aukera izan dugula. Analisi honetan ordenagailurako demoaren bertsioa aztertzen da, PS4 eta Xbox One-en berdina alegia.
Motor grafiko “berria”
Bai, berria kakotxen artean jartzen dut ez baita guztiz berria kontsoletan. Nahiz eta hauen bertsioa hobetua izan den, ordenagailukoa da albiste motor grafiko berria izateagatik. Aurten ez da izango aurreko urtean izan zen aitzakia-sortarik eta plataforma guztiek izango dute futbola xehetasun guztiekin gozatzeko aukera. Aski ezaguna da gaur egungo maila ertaineko ordenagailu batek azken belaunaldiko kontsolen hainbesteko kalkulu potentzia duela, beraz Ignite motor grafikoa ederki mugi ahal izango duela.
Demoa hastearekin batera Liverpool – Chelsea partidan jartzen gaituzte. Ez da bista ona izan behar aurreko motor grafikotik gauzak asko hobetu direla ohartarazteko. Iluminazio dinamiko askoz hobeagoa, elementuen xehetasun askoz hobeagoa, ikusleen animazioetan aldakuntza handiagoa, … Baina diferentzia handienaz jokoa hasi orduko ohartzen da bat, elementuen fisikak izugarri hobetu baitira. Orain jokalariak luma bat hainbeste ez dutela pisatzen nabari da, jokalari batek duen benetako masa nabari da. Jada ez daude ezinezko biraketak edo azelerazioak, ezta lur-aire misilak diruditen jokalariak ere.
Jokalarien arteko talken orduan asko hobetu da jolasa, jada zail da ikusten “clipping” (Objektu bat beste baten barnean sartzea) delako fenomenoa. Horrez gain sorbalden arteko talkek nola jokalariak kolpearen aurkako norabidera bultzatzen dituen ikus daiteke.
Aipatzekoa baita ere zelaiak denborarekin jasaten duen higadura garbia dela. Jokalari bat lurrera eroriz gero, geratzen den denboran lurrean belarra zapalduta ageriko da.
Jokagarritasun berritua
Ordenagailuko jokalariek behintzat seguru nago aldaketa handia nabaritu dutela aurreko urteko bertsioarekin alderatuz. Hasteko, eta FIFA 14-tik gehien hobetu beharra zegoena, atezainak ziren. Kornerrak arrisku hutsak ziren defenditzea tokatzen zitzaion taldeari, aurkako aurrelarien buruz errematatzeko erraztasuna nahikoa ez izanik atezainen jokaerak askotan barregura ematen baitzuen. Aurtengo bertsioan aldiz ez, atezaina da nagusi area txikian, eta aurkako aurrelariek ez dute lan erraza gol bat lortu nahi badute.
Horrez gain, atezainen erantzuna urrutiko jaurtiketen eta banaz banakoetan bikaina da. Baina zerbait badago aipatu beharra, atezainek baloi bat gelditu ta aldaratzea izatekotan, lurretik altxa eta atea babestera itzultzen direla da. Aurreko jolasetan lurrean edo zutitu eta infinituari so geratzen ziren, horrela aurkariak baloia jo ezkero gola sartzeko aukera handiak zirelarik.
Erabiltzailearen aginduei jokalariek ematen dien berehalako erantzuna gozamen hutsa da, orain kontraeraso batean abiadura punta handiena duen jokalariak ez du zertan irabazi beharrik duelua, trebea bada gorputzarekin baloia tapatzen eta errekorteak egiteko abilezia izanik edozein defentsa zora dezake.
Horrez gain falta, alboko eta ateko sakeetan jokalarik libreki mugi ditzakegu, estrategia landuagoak izan ditzagun gure eskuan. Estrategiaren inguruan, bi jokamolde berri jarri dituzte. “Park the bus” (Autobusa aparkatu) eta “All attacking” (Denak erasora) dira hain zuzen ere. Argi dago bi taktiken erabilpena zein den, lehena emaitza mantentzea nahi denerako eta bigarrena berriz azken minutuetan gaudenean eta gola sartzea behar dugunean. Jokalariei ere agindu pertsonalak eman daitezke hamaikakoa aukeratzen den menutik. Bertan jokalariaren posizioaren arabera agindu ezberdinak egongo dira. Adibidez hegaleko jokalari bati taldea erasotzen ari denean aurrera joan eta laguntza eman edo atzean kontraerasoa saihesteko geratzea esan diezaiokegu, aurrelari bati aldiz erdialdean erreferentzia izateko edo hegaletara erortzeko.
Animazio berriak
Orain arte gustatzen ez zitzaidan gauzetako bat jolasaren jarraitasun eza zen. FIFA 15-ean baloia kanpora joan edo falta bat izanez gero adibidez, ez dago animazio mozketarik erabiltzaileak ez badu botoia sakatuz mozten. Nola beste jokalari bat baloiaren bila joaten den, baloiak banatzeaz arduratzen diren gaztetxoei eskatzen dieten edota bi baloi izanez gero zelai barruan bata kanpora nola botatzen duten. Xehetasun hauek egiten dute diferentzia bidejoko simple bat eta benetako partidu bateko sentsazioak transmititzea nahi duen jolasarena.
Horrez gain telebistatik ikusten ditugun errepikapenen antzerako irudiak ikus ditzakegu, jokaldirik onenak hainbat angulutatik grabatuak izen direlarik.
Proba ahal izan dugun demoak itxura bikaina du, baina orain ezpainetan utzi digun zapore eder hori konfirmatzea falta da. Irailak 25-ean izango da egiaren ordua. Prest al zaudete zuen gustuko taldea futbolaren Olimpo-ra igotzeko?
Argazki galeria
Iruzkinak (1)
Patxi Ordozgoiti Sept. 21, 2014, 10:55 p.m.
Iritsi da bada urteroko data, eta kirol joko berriak kalera irteten hasten dira. Hala urteroko galdera bera sortzen zait buruan "Benetan merezi al du urtero joko berri abt ateratzea (edo behintzat erostea)?" Nik pertsonalki dudak ditudan arren, seguruenik aurtengo Fifa nirekin etorriko da etxera...