Game Erauntsia elkarteak Gu Ere Bai! eta Hamaika Telebistarekin elkarlanean antolatutako txapelketa birtualak aurrera jarraitzen du.

Bukatu da FIFA21 Euskal Liga lehiaketaren lehen fasea eta euskal taldeentzako ordezkarien bilaketa amaitutzat eman dugu era horretara. Alaves, Athletic, Eibar, Osasuna eta Real Sociedad taldeekin jokatuko den txapelketak baditu bere ordezkariak, eta orain bosteko ligaxka jokatzeari ekingo diote partaideek.

Lehen fasean lehia biziak jokatu ondoren, hauek izango dira txapelketari jarraipena eman eta beraien taldeak final handira eramateko ardura hartuko duten partaideak:

  • Alaves: Asitor19
  • Athletic: Iker Zarraga
  • Eibar: Unaiamo
  • Osasuna: Beñat
  • Real Sociedad: Aitorplayer09

Ligaxka hau gaurtik hasita ostiralera arte luzatuko da; bost egun horietan talde bakoitzeko ordezkariek elkarren aurka jokatuko dute 16 minutuko iraupena edukiko dute partidetan. Lehia bakoitzean garaipena eskuratzen duen jokalariak 3 puntu lortuko ditu, eta galtzailearentzat ez da punturik egongo; berdinketa kasuan puntu bana eramango dituzte bi lehiakideek.

Bosteko ligaxkako partiden egutegia eta fase horren inguruko informazio guztia esteka honi jarraituta aurki daiteke Game Erauntsiaren webgunean.

 

Azken fasea, zuzenean telebistatik zein Twitchetik

Finalerdietan parte hartu gabe geldituko da jokalarietako bat. Izan ere, lau lehiakide igaroko dira hurrengo fasera: apirilaren 4an, Aberri Egunean hain zuzen ere, jokatuko dira finalerdiak eta finala.

Partida horiek Hamaika Telebistak emango ditu eta LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskateleko Telebista zerbitzuaren bidez eta hamaika.eus/zuzenean webgunetik jarraitu ahal izango da. Fase final honetan Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariek egingo dituzte esatari lanak. Horrez gain Twitchetik ere eskainiko dira partidak. Modu horretara euskal zaleek FIFA21 Euskal Ligaren azken lehiak jarraitu ditzakete zuzenean.

 

FIFA21 Euskal Ligari buruz

Game Erauntsia elkarteak, Gu Ere Bai! egitasmoak eta Hamaika Telebistak elkarlanean antolatu duten sare bidezko txapelketa da FIFA21 Euskal Liga.

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzera bideratutako ekimena gauzatzen den bigarren aldia da: 2020ko lehiaketan Ibarrainkua jokalariak gidatutako Eibarrek lortu zuen garaipena. Gertaera gogoangarria izan zen: historian lehen aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-sports ekimena igorri zuen FIFA Euskal Ligarekin.