Lau urtero ordaindu beharko lukete diru kopuru hori. Bideo-joko enpresak dagoeneko EA Sports FC izena erregistratu du, sagaren izena aldatzeko prest dagoela erakutsita.

FIFA erakundeak bere futbol lizentzien balioa bikoiztu nahi du, New York Times agerkariak ziurtatu duenez. Hori horrela, Electronic Arts-ek bere futbol frankizia ezagunari FIFA deitzearren 1.000 milioi dolar ordaindu beharko lituzke lau urtero.

Lizentzia hori futbol federazioaren hitzarmenik baliotsuena da: urteko 150 milioi dolarreko balioa dauka gaur egun. Ikusteko dago EAkoak kopuru berria ordaintzeko prest egongo diren. Artikuluan adierazten denez, futbol federaziokoek bideo-joko enpresarekin duten akordioa berregituratzea bilatzen dute gainera, monetizazioa eta mugatuta eta lizentziaren inguruko xehetasunak aldatuta.

Egungo hitzarmena 2022an bukatuko litzateke, eta agian FIFA izeneko bideo-jokoa kaleratzen den azken urtea izan daiteke. EAkoek ez dute denborarik galdu, eta FIFPRO futbol jokalari profesionalen sindikatuarekin daukaten hitzarmena luzatzeaz gain, izen berria erregistratu du Europar Batasunean zein Erresuma Batuan: EA Sports FC.

Hori horrela, futbol taldeekin eta jokalariekin harremanak mantendu eta bideo-joko propioa sortzeko aukera edukiko lukete EAkoek, FIFAren izenpean egin ez arren. Hau da, EAren eta FIFAren arteko akordioa berriztu ezean, munduko futbol bideo-jokorik ezagunena desagertu egingo dela dirudi.