FIFA20 Euskal Ligaren bigarren fasea bukatu egin da eta jadanik ezagutzen ditugu finalerdiko parte-hartzaileak. Aurreko egunetan bigarren faseko ligaxka euskal talde bakoitzeko ordezkari batek jokatu zuten, eta Pepillomaestro jokalaria, Alaves ordezkatuz, izan da kanpoan geratu dena.
Beraz, bihar, apirilak 11a larunbatean, honako finalerdiak jolastuko dira: Athletic vs. Reala arratsaldeko seiretan eta ondoren, Osasuna vs. Eibar zazpiretan. Norgehiagoken iraupena 20 minutukoa izango da eta irabazleak finalera pasako dira.
Bi norgehiagoka horietako irabazleek finala jokatuko dute apirilak 12an, Aberri egunarekin bat eginez. Hori ospatzeko, Hamaika Telebistak programa berezi bat prestatu du arratsaldeko lauretatik seirak arte.
Horretaz gain, finala baino lehen, norgehiagoka hori jokatuko ez duten jokalariek lagunarteko partidu batean elkartuko dira berriro. Hain zuzen ere, 2019ko emakumezko FIFA mundu kopako partidua errepikatuko dute, Amerikako Estatu Batuak Herbeheren aurka. Hau izango da emakumezko kirola babesteko Game Erauntsiak eta Gu ere Baik egingo dugun ekarpena, izan ere, FIFA20 bideo-jokoak ez du emakumezko taldeekin jolasteko aukera ematen, selekzio nazionalak salbu.
Horrela bada, Hamaika Telebistak prestatuko duen programa berezia emakumezko norgehiagokarekin hasiko da. Ondoren, bertso derbia izango da eta amaitzeko, FIFA20 Euskal Ligaren finala.
FIFA20 Euskal Ligaren txapelduna eta txapeldunordeak hainbat sari jasoko dituzte. Irabazleak Euskal selekzioaren mendeurreneko kamiseta eskuratuko du. Bestetik, BERRIA egunkariak urte beteko harpidetza bana oparituko ditu txapeldun eta txapeldunordeari eta NAIZ.EUS eta GARA egunkariak ere sari bat eskeiniko dute. Bestalde, ligaxka jolastu duten bost bideojokalariek Gu ere bai! ekimenaren eskutik euskal selekzioen aldeko kamiseta bana jasoko dute.
Iruzkinak