Futbol txapelketa birtuala ofizialki San Mamesen aurkeztu genuen Gu Ere Bai! eta Hamaika Telebistarekin batera.

FIFA21 Euskal Ligaren antolatzaileak, Gu Ere Bai! ekimena, Hamaika Telebista eta Game Erauntsia Elkartea atzo Bilbo bildu ginen txapelketa ofizialki aurkezteko. Bilboko San Mames estadioa izan zen aurkezpena egiteko aukeratutako lekua, euskal selekzioak partido asko jokatu duen lekua hain zuzen ere.

Hiru antolatzaileen ordezkariak bildu ginen txapelketaren nondik-norakoak azaltzeko. Gu ere Bai! ekimenaren ordezkaria, Patxi Gaztelumendik, bideo-jokoak ere gure selekzioek nazioartean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko baliagarriak direla azpimarratu zuen. Game Erauntsiaren partetik, Garikoitz Larrañaga izan zen. FIFA21 Euskal Liga euskara eta bideo-jokoak uztartzeko aukera bikaina dela adierazi zuen. 

Ainhoa Jauregi, Hamaika Telebistaren ordezkari bezala, txapelketaren finala zuzenean jarraitzeko bide anitz eskainiko dituztela zehaztu zuen, LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskalteleko Telebista zerbitzuaren bidez eta webgunetik. Horiekin batera, finala kontatuko duten Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariak ere egon ziren aurkezpenean.

Izen-emateak otsailaren 25erarte irekita daude. Norgehiagokak martxoan zehar izango dira eta finala apirilaren 4ean jokatuko da. Asmoa Hamaika Telebistaren Bilboko egoitzan finala antolatzea da, osasun egoeraren arabera bideragarria bada.

Arauak eta izena emateko prozedura

Txapelketa PlayStation 4 plataformaren bitartez gauzatuko da eta FIFA21 jokoa eta interneteko konexioa beharrezkoak izango dira. Izena emateko azken eguna otsailaren 25a da. Finalaren irabazleak oraindik zehaztu gabeko sari bat eskuratuko du.

Txapelketan jokatu nahi baduzu, lehendabizi Game Erauntsiaren webgunean izena eman behar da eta ondoren, aktibazio posta elektroniko bat jasoko da (ez bada email hori jasotzen, begiratu SPAM karpeta mesedez). Aktibazioa burutzeko iristen zaizuen estekan klik egin eta honekin webguneko erregistroa amaituko duzue.

Azalpen gehiago behar baduzue bideo honetan dituzue:

 

Web atarian izen-ematea burututakoan, zuen gustuko taldearen txapelketan izena eman behar duzue. Bost txapelketa daude, euskal talde bakoitzeko bana. Jokalari bakoitzak txapelketa bakarrean parte hartu ahal izango du. Hauek dira txapelketa bakoitzeko estekak: 

Lehiaketak hiru fase izango ditu: lehenengo fasea (martxoak 1-20) taldeko txanda garatuko da, lehiakide kopuru mugarik gabe. Lehenengo fasearen bost irabazleek ligaxka bat jokatuko dute (martxoak 22-28 bitartean) eta lehenengo laurak finalerdietara pasako dira. Finalerdiak eta finala apirilaren 4an jokatuko dira, Aberri egunarekin bat eginez. Osasun egoera bideragarria bada, Hamaika Telebistaren Bilboko egoitzan jokatuko dira finalerdiak eta finala.

Parte-hartzeko arau guztiak txapelketaren fitxan aurkituko dituzue. Zalantzak izatekotan, bidali email bat bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera.