Gailu mugikorretarako Final Fantasy Brave Exvius-en egokitzapena PC, PS5, Switch 2, Switch eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da urriaren 22an.
Square Enixek Final Fantasy Resonance aurkeztu du. JRPG frankiziaren lehen HD-2D estiloko bideojokoa izango da.
Mugikorretarako Final Fantasy Brave Exvius probatu dutenek ondo ezagutuko duten bideojokoa da, honen PC, PS5, Switch 2, Switch eta Xbox Series gailuetarako moldatutako bertsioa baita; zehazki, lehen denboraldia hartu dute oinarritzat. Asmoa Exviusen atal grafikoa txukuntzea, eta, gacha mekanikak alboratuta, joko osatuagoa eskaintzea da, berregite edo birmasterizazio hutsetatik haratago joanda.
Rain eta Lasswell gidatuko ditugu: Grandshelt erresumako aire ontzien eskuadroiko komandantea eta bere komandanteordea. Misio batean Veritas of the Dark misteriotsuaren aurka galdu ondoren, lurreko kristal sakratua suntsituta geratuko da. Gainerako kristalak babestea izango da protagonisten helburua.
Horretarako, mundua esploratu eta ohiko txandakako borrokak biziko ditugu bidean aurkitzen ditugun taldekideekin batera. Borroka sistema eraberritua proposatzen du Resonancek, denbora lerroak heroien nahiz aurkarien ekintzak bideratuko baititu. Gainera, Final Fantasy titulu desberdinetako heroiak inbokatzeko ahalmena edukiko dugu: Cloud edo Terra ageriko dira, esaterako, esper deitutako inbokazio boteretsuekin batera. Azken hauek erabiltzerakoan 3D eszenak ikusiko dituzte jokalariek.
Urriaren 22an kaleratuko da Final Fantasy Resonance. PC, PlayStation 5, Switch 2, Switch eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak