Game Boy Advancerako jostatu beharrezko honen analisia.
Pantaila handietatik ihes egiteko premia izan dut, baina bideojokoren baten laguntza ongi etorriko zitzaidalakoan, nire zerrendara jo nuen. Garraio publikoan jostatzeko zerbait nahi nuen, edozein unetan gelditu nezakeen zerbait. Final Fantasy Tactics Advance ez zegoen nire zerrendan.
Lau alditan hasi eta inoiz jarraitzeko kemenik eduki ez dudan jokoa izan da, eta ahanzturaren herrian erbesteratua neukan. Baina gaur egun ez naiz ordungo gamerra. Orain, hasitakoak amaitu egiten ditut. Biziki aspertzen ez badidate, behintzat. Orokorrean, zailtasuna gehiegi haunditzen zen misioetan, jokoa bertan behera uzten nuela oroitzen dut. Borroka gailendu ezinezkoren baten aurrean amore ematen nuen, berriro saiatu gabe. Arrazoia, gehienbat, lanen eta abilezien erabilera ulertzen ez nuelako zen.
Square garatzailearen 2003ko joko honek mapa huts baten aurrean jartzen du jokalaria, bertan, istorioak aurrera egin ahala, jokalariak berak toki berriak jartzeko aukera izango du, nahi dituen hutsuneetan.
Herrietan erosketak egiteko denda bat eta misio berriak lortzeko ostatua egongo dira beti. Beste toki guztietan borrokak besterik ez dira gertatuko. Jokoaren mamia borroketan dago, eta hortan igaro ditut ordu gehienak. Arraza ezberdineko gerlariz osatutako kofradia bat eramaten du jokalariak, beste kofradia edo munstro talde batzuen aurka.
Lauki-sarean oinarritutako taktika jokoa da, mugikortasunak eta erasoen irismenak garrantzi handia dutelarik. Arerioak zein norabidetatik eraso eta geografiaren altuera ezberdinetan ere enfasia egiten du. Ez ditut arau guztiak hemen aipatuko, asko direlako. Dena den, jokoak arau guzti hauek era erraz eta egokian azaltzen ditu istorioan zehar, jokalaria galdu ez dadin. Antzeko rol jokoetan aritu denari, ez zaio zaila egingo.
Titulu hau besteengandik ezberdintzen duena, lanak eta legeak dira. Arraza ezberdinek, lan ezberdinetara dute sarbidea. Lehen mailako lan ezberdinak konbinatuz, pertsonaiek, eskuliburuan agertzen ez diren lan berriak ikasteko aukera izango dute. Gakoa, pertsonaia bakoitza lan ezberdinetatik pasaraztea da, teknika eta abilezia ezberdinak ikas ditzaten. Legeak bestalde, mugimenduak mugatzen dituzten arauak dira.
Jokoak egutegi sistema bat dauka, eta egunero lege berriak ezartzen dira: Ezpatak ezin dira erabili, magia txuria ezin da erabili, ezin da etsai bera segidan eraso, eta abar. Jokoan epaile bat dago, lege-haustearen arabera, isuna ezarri edo zuzenean petsonaia hori kartzelara bidaliko duena. Gero pertsonaia horrek zigorra beteko du, edo bere askatasuna ordaindu beharko da.
Pertsonaia bakoitzarentzat lan ezberdin asko desblokeatu daiteke, nola egin jakinda
Jostagarritasun oso interesgarria proposatzen du, eta, egia esan, funtzionamendua ulertu ondoren, jokoa ez zait hain zaila egin. Kofradiak 30 pertsonaia onartu ditzake gehienez, baina nik 12 bat besterik ez ditut onartu eta entrenatu. Ez dira hasiera batean irudikatua neukan maila gorenera iritsi, baina jokoaren erronka zailenak arazo handirik gabe garaitu ditut orokorrean.
Amaieran, aurretik ikusten ez den arauekin funtzionatzen duten etsai batzuek daude, baina behin ikusita eta ezagututa, taldean beharrezko aldaketak egin besterik ez dut behar izan hauek lotara bidaltzeko. Istorioarekin amaitzerakoan, jokoak misio gehiago eskaintzen ditu, baina borroka arruntak besterik ez dira, irakurri dudanez. Interesa piztuko didan ezer berririk gabe, jokoa amaitutzat eman dut puntu hortan.
Jostagarritasun oinarri sendoak ditu, eta tituluaren alderdi indartsuena da hau. Alderdi honetako puntu ilun bakarra, legeak etsaiak ez dituela berdin tratatzen. Adimen artifizialak orokorrean ez du legerik hausten, baina egiten duenean, behin eta berriro egin dezake. Epaileak txartela horia aterako dio behin eta berriro, ondoriorik gabe.
Soinu banda da hurrengo atal onena. Game Boy Advanceko mono bozgoragailuak ez dio soinu banda honi zor zaiona ematen. Kontsola honen audioa nahiko makala den arren, melodia oso landuak irteten dira bertatik. Detaile asko dauzkaten pistak dira orokorrean, orkestra bat emulatu nahiean sortutakoak.
Gai ezberdinak uneko egoerari kolorea emateko gai direla iruditzen zait, entzuleari sentimendu ezberdinak sentiaraziz. Game Boy Advance kontsolarako soinu banda onenetarikoa izan daitekeela pentsatzen dut. Melodia gehienak Kaori Ohkoshi, Ayako Saso eta Hitoshi Sakimoterenak dira. Nobuo Uematsuk gai nagusia sortu zuen. Uste dut garrantzizkoa dela aipatzea, iturri askotan Sakimoto eta Uematsu bakarrik ageri direlako, bi emakumeak kanpoan utzita.
Pixel-art ederra, joko honek oparitzen duena
Atal grafikoa ere, aipagarria da. Gune guztiak detaile handiko pieza karratuz sortutako diorama ederrak dira, bikain koloreztatuak. Bereizmen txikia izanda ere, zalantzarik ez dut izan aurrean neukan edukia identifikatzen. Toki guztiak bistara atsegingarriak egin zaizkit. Diorama hauen atzealdean gradiente bat besterik ez da ageri, ez dago detaile handirik, kontsolaren mugengatik agian. Ez du ikuspegia hondatzen, dena den.
Erasoek ere haien efektu bereziak diztuzte, ezberdinak denak eta ulertzen errazak. Inbokazio moduko erasoak ere badira, oso ikusgarriak. Oso luzeak ere bai, batzuetan hauek mozteko aukera ere, faltan izan dut.
Istorio kaxkarra dauka, ordea. Tira, esan dut. Soinetik kendu nahi nuen. Bost ajola besteen analisietan betidanik irakurri dudana. Istorio makala dauka, nagitasunez egina dagoela ere esago nuke. Argumentua ondorengoa da: Lau gaztetxo ezagutu berri dira, batak ama galdu zuen eta eskola-jazarpena jasaten du; besteari bere ile txuriak lotsa ematen dio; hirugarrenak, protagonistaren anaiak, gurpildun aulkian ibili behar du eta laugarrena protagonista bera da.
Lehenengoak liburu magiko bat aurkitzen du, eta lau lagunak mundu berri batera bidaltzen ditu non ez zeukaten hori, orain badaukaten. Protagonistak mundu magiko hau suntsituko duela iragartzen die hiruei. Hauek, ordea, ez dute nahi, eta protagonista ez da gai kontrakoaz konbentzitzeko. Bere anaiari gezurra esatera ere ausartzen da, itzultzen badira sendatuko dela esanda. Protagonista ere ez dago ziur itzuli nahi duen edo ez, baina mundua berdin berdin deuseztatzen du, bere bi lagunen aurka borrokatzen amaituz.
Mezu galduren bat dago guzti honetan, "zarena onartu", "nahi duzunagatik borrokatu", edo halako zerbait. Baina pertsonaien ideia bat defendatzeko gaitasun ezak eta interakzio eskasiak, jokalaria gertatutakoaren susmo edo uste batekin besterik ez du uzten. Zer arraio! Gaur egun, foroetan oraindik aurkitu daitezke protagonista bilaua ote den galdetzen duten jokalarien mezuak! Ideia nagusia ongi dago, baina zeharo gordina irten da labetik.
Ederra izateaz gain, mugimenduak ondo pentsatzeko adina oztopo dago borroka lekuetan
Titulu gomendagarria, borrokak atsegin dituzten JRPG zaleentzat. Lan konbinazio eta abilezia piloa dago esploratzeko ,eta 300 misio ezberdin fantasiazko mundu honetan denbora gehiago igaro nahi duenarentzat. Joko eramangarri bezala ere aproposa da, akzioa edozein unetan gelditu eta berriro hasteko aukera dagoelako. Elkarrizketetan ezik, beste edozein unetan gorde daiteke jokoa, izan ere.
Tamalgarria iruditzen zait istorioari emandako tratua. Oso misio gutxi daude bertan eragina daukatenak, eta pertsonaiek beraien zergatiak azaleratzeko gai ez izateak tentsio guztia kentzen die borrokei. Lagun taldearen arteko borroketan ez dirudi ezer jokoan dagoenik; honek aurrera jarraitzeko gogoa kentzen dit. Kontuak kontu, arantza hau kendu izanak pozten nau. Nire bideojoko zerrenda ez da mugitu, baina bizitzako kapitulu bat itxi dudala sentitzen dut.
Iruzkinak