Intergrade bertsioa jasoko dute ordenagailuko erabiltzaileek. Epic Games Store saltokiaren esklusiboa izango da, hasiera batean behintzat.

Aspalditik zekiten PCko jokalariek Final Fantasy VII ospetsuaren remakea ordenagailuetara iritsiko zela. Square Enix-ekoek ez dute ezkutuan izan, PCko bertsioaren irudiak erakutsi izan baitituzte; hala ere, galdera port-a noiz kaleratuko zuten izan da. The Game Awards ekimenean iragarri dute, eta espero baino azkarrago helduko da Cloud eta Sephiroth pertsonaien istorioa ordenagailuetara: abenduaren 16an kaleratuko dute Final Fantasy VII Remake.

PlayStation 5-ak jasotako bertsio berarekin estreinatuko da PCan: Final Fantasy VII Remake Intergrade. Jatorrizko remakeari eduki berriak gehituko dizkio honek: alde batetik, Yuffie Kisaragi ninjarekin jokatzeko aukera eskaintzen du Episode Intermission deitutako atal berezian.

Bestetik, atal teknikoan askotariko hobekuntza grafikoak dakartza: testura eta argiztapen hobeak, 4K bereizmena, 120fps-ra arteko tasak, HDR teknologiarentzako euskarria, saguarekin eta teklatuarekin jokatzeko aukera eta gehiago nabarmentzen dituzte Square Enixekoek. Bukatzeko, argazkiak ateratzeko ezaugarria ere gehitzen du Intergradek.

Hori bai, PCan kaleratzen denean Epic Games Store saltoki digitaleko esklusiboa izango da FF7ren remakea; ez da ezustekoa izan, Square Enixen aurreko joko batzuekin gauza bera gertatu baita. Baieztatu gabe utzi dute, baina beste hainbatekin gertatu modura hilabete batzuk pasata Steam-era iritsiko dela suposa daiteke.