Remakean ikusitakoa hobetu eta eduki berri interesgarriak gehituko ditu printzipioz PS5erako soilik argitaratuko den bertsio honek.

Hilabete eskas falta da Final Fantasy VII mitikoaren remakeak bertsio berriztatua jasotzeko: Intergrade izenpean, era guztietako edukiak gaineratuko dizkio iaz PlayStation 4an kaleratu zen abenturari. Gutxi falta dela ikusita, Square Enixek hobekuntzak zein eduki berriak erakusteko bideoa zabaldu du sareetan.

Jatorrizko abenturaren hainbat spoiler dakartzan arren, Yuffie Kisaragi ninja protagonista izango den atalaren zatiak ere ikus daitezke trailerrean. FF7R Episode Intermission deituta, Intergraderen gehikuntzarik esanguratsuena izango da hau. Etsai nagusi guztiz berrien aurka egingo du Yuffiek bere adiskide Sononekin batera: PS2ko Dirge of Cerberusen agertutako Nero ikusiko dute jokalariek, beste ezusteko batzuen artean.

Fort Condor izeneko estrategiazko minijokoa ere ikus daiteke lehen aldiz bideoan. Hainbat unitaten kontrola hartuta ahalmen bereziak erabili beharko dira etsaia garaitzeko.

Atal grafikorako askotariko hobekuntzekin batera bereizmena edo segundoko irudien tasa areagotuko dute bertsio eraberrituan. Graphic Modeak jokoa 4K-ko bereizmenan gainditzea ahalbidetuko du; Performance Mode deitutakoa, berriz 60 fps-ak ziurtatzera bideratuta egongo da.

Final Fantasy VII Remake Intergrade ekainaren 10ean kaleratuko dute japoniarrek PlayStation 5erako. Jatorrizko jokoa erosita dutenek hobekuntza tekniko guztiak dakartzan bertsio hau doan eskuratu ahalko dute kontsola berrirako; hori bai, Episode Intermission DLCa ordainpekoa izango da.

Zabaldutako trailerraren amaieran, baina, datu interesgarri bat irakurri daiteke: PlayStation 5erako sei hilabeteko esklusibitatea edukiko du Intergradek. Epe hori igarota gainerako plataformetan ikustea espero da beraz.