Originaleko izakirik boteretsuenak berrirudikatu dituzte remake-aren hirugarren eta azken atalean. Udaberrian ikusiko ditugu kontsoletan eta ordenagailuetan.
Bigarren trailerra aurkeztu du Final Fantasy VII Revelationek. Istorioaren gakoak ezagutzera emanda, planetak bizi duen krisia eta protagonistek horri lotuta ikusiko dituzten arriskuak aurkeztu dituzte Square Enix-eko arduradunek.
Galduta dabiltzanentzat, Revelation zazpigarren jokoaren berregiteen hirugarren eta azken atala izango da. Horrela, Cloud, Tifa, Barret eta gainerakoen abenturen azken uneak biziko ditugu. Originalean aritu zirenek badakite zer aurkituko dugun —gidoian aldaketa batzuk ikusiko ditugun arren—: planetara hurbiltzen ari den meteoritoa, mundua babesteko esnatzen diren arma (weapon) munstro boteretsuak eta Sephiroth maltzurra aurkituko ditugu oraingoan.
Armei dagokienez, Ruby, Emerald edo Ultimate bezalakoengan aldaketa handiak ikusiko ditugu. Borroka eta jazoera desberdinak biziko dituzte, itxura batean, berregiteko protagonistek.
Mundua erabat aske agertuko zaigu, hori bai. Highwind ontzira igota alde batetik bestera bidaiatzeko aukera edukiko du taldeak, misio desberdinak betetzeko zein bazterrak nahi bezala esploratzeko aukera eskainita. Paraxutarekin jauzi eginda, nonahi lehorreratu ahalko garela dirudi.
FITS sistema guztiz berria ere aurkituko dugu berregitearen hirugarren atalean. Final Fantasy klasikoen lan (job) sistema gogoraraziko du: jantzi desberdinekin, gure heroi taldearen abileziak eta mugimenduak aldatuko ditugu, bakoitzari berezitasun desberdinak erantsita.
2027ko udaberrian estreinatuko da Final Fantasy VII Revelation, esklusibotasunak albo batera utzita: PlayStation 5, Switch 2, Xbox Series nahiz PC plataformetan jokatu ahalko da hasiera batetik. Gauza bera gertatzen da aurreko bi atalekin: pixkanaka, Square Enixek egungo gailu guztietan kaleratu ditu berregiteak.
Lander Unzueta
Iruzkinak