Berregiteen hirugarren atala aditzera eman du Square Enix-ek. Highwind ontzian mundua esploratuko dugu arma izaki arriskutsuen bila.
Square Enixek Final Fantasy VII Revelation iragarri du Summer Game Fest jaialdian. Cloud-en eta Sephiroth-en istorioaren berregitea datorren udaberrian itzuliko da, oraingoan, plataforma nagusi guztietan estreinatuz hasiera batetik.
Remake-en hirugarren atala PCan zein Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko da. Istorioaren amaiera izanik, mundu osoa eskainiko digu esploratzeko, joko originalean gertatzen zen modura. Hau zeharkatzeko Highwind ontzia gidatuko dugu, zeruetatik gune desberdinetara iritsita.
Planeta osoa libreki esplora daitekeela azpimarratu dute egileek. Halere, orain arte ikusi gabeko kokalekuak ere aurkituko ditugu: adibidez, Wutai erresuma —Yuffieren jaioterria, alegia— edo Mideel eskualdea.
Taldekide berriak jasoko dituzte Cloudek eta lagunek, gainera: Vincent Valentine nahiz Cid Highwind mitikoak bueltan dira, bakoitza bere abilezia, arma eta eraso hilgarriekin. Borroketan aldaketak proposatuko dituzte oraingoan, erropa desberdinekin lanak edo rolak desblokeatuz; esaterako, gerlari edo azti beltz bilaka ditzakegu pertsonaiak. Final Fantasy klasikoetako lanen sistemara itzuli gura izan dute, oinarriak sinplifikatuz, baina zutabeak mantenduz.
Aukera berriak menperatzea beharrezkoa izango da, Revelationen FF VIIko etsairik indartsuenen aurka egiteko unea helduko baita. Arma izaki boteretsuak mundura ekarri ditu egoera larriak, eta taldeak hauen suntsipenari aurre egiteko laguntza oro erabili beharko dute.
2027ko udaberrian estreinatuko da Final Fantasy VII Revelation. PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak