PS4arekin eta PCarekin plataforma arteko jokoa edukiko du. Endwalker espantsioa azaroan iritsiko da plataforma guztietara.

Final Fantasy XIV Fan Festival ekimena egin zuen Square Enixek pasa den aste bukaeran, eta bertan MMORPG ezagunari buruzko berritasunak eskaini zituzten japoniarrek. Horien artean, PlayStation 5erako bertsioaren argitaratze data zehaztu zuten: maiatzaren 25ean kaleratuko dute Sonyren kontsola berrian.

Iragarpena ez da harritzekoa izan, FF XIV beta bertsioan baitago apiriletik PS5ean. Belaunaldi berriko kontsolako bertsioak hainbat hobekuntza izango ditu: 4K-ko bereizmenera jokatu ahalko da, eta segundoko irudien tasa hobetu egingo dute (40 bat fps agindu dituzte Squarekoek). DualSense agintearen ezaugarri bereziak aprobetxatuko dituzte gainera, eta kontsolaren 3D soinuaz baliatuko dira gainera.

PS5eko bertsioarekin batera, espantsio berria izan zen Fan Festivaleko protagonista nagusia. Endwalker MMORPGaren laugarren espantsio handia izango da, eta nola ez, argitaratze data trailer zinematiko ikusgarriarekin batera zehaztu zuten: azaroaren 23an iritsiko da jokoa argitaratutako plataforma guztietara.

Lan berria aukeratu ahalko dute jokalariek Endwalkerren: Reaperra. Kodaina eskuetan hartuta izaki magikoen laguntza eskatzeko ahalmena izango du pertsonaientzako lan honek. Gizonezko Viera arraza berria ere aukeratu ahalko da pertsonaia sortzerakoan; dagoeneko jokoan zegoen emakumezko Vierari gehituko zaio modu horretara.

Labyrinthos eta Mare Lamentorum kokalekuak ere nabarmendu zituzten aurkezpenean aurkitzeko tribu, erronka eta jarduerekin batera. Espantsioa argitaratu aurretik prestatzen ari diren ezaugarriak zerrendatu dituzte garatzaileek:

Final Fantasy XIV nazioartean gehien jokatzen den MMORPGen artean dago une honetan: 22 milioi jokalarik izena eman dutela diote arduradunek. 2010ean PCrako argitaratua, hasiera kaxkarra izan zuen Square Enixen jokoak. Obraren oinarriak goitik behera aldatzeko erabakia hartu zuten Final Fantasy XIV: A Realm Reborn izenpean 2013an, eta ordutik hona atsedenik hartu gabe eduki berriak argitaratzen aritu izan dira.

MMORPGa PS5era iristear dagoen arren, PCan eta PS4an ere jokatu daiteke. Doako froga eskuragarri dago plataforma guztietan.