JRPG abentura “hasieratik bukaerara” joka daitekeela diote Square Enix-ekoek, baina oraindik fintzeko erronka mordoa dituzte.

PlayStation Showcase batean ikusi genuen lehen aldiz Final Fantasy XVI; ia bi urte itxaron behar izan ditugu bigarren trailerra jasotzeko. Berriz ere, Sony-koen ekimena aprobetxatu dute Square Enixekoek JRPG tituluari buruzko berritasunak eskaintzeko: gauerdiko State of Play zuzenekoan ezagutzera eman dutenez, 2023ko udan kaleratuko da titulu desiratua.

Trailer ikusgarriarekin batera egin dute iragarpena. Bertan bideojokoa akziora bideratuta egongo dela argi ikusten da: txandakako borrokak alboratuta, ia-ia hack and slash baten aurrean gaudela esan dezakegu.

Are ikusgarriagoak dira, baina, eikon izaki erraldoien arteko duelu ikaragarriak. Final Fantasyko betiko inbokazioak izango dira, zalantzarik gabe, hamaseigarren ataleko protagonistetako batzuk: dirudienez, gure pertsonaia nagusia hauetako batean bihurtu daiteke —Ifrit-en printzipioz, baina ikusteko dago ea japoniarrak zer dabiltzan prestatzen— eta antzeko beste izaki batzuen aurka egingo dugu berarekin. Borroka jokoen kutsua izango dute, bizi barra propioekin eta guzti.

Hiroshi Takai zuzendariak eta Naoki Yoshida ekoizleak PlayStation Blog-ean adierazi dutenez, titulura “hasieratik bukaerara” joka daiteke dagoeneko; hala eta guztiz ere, oraindik zuzentzeko eta hobetzeko erronka mordoa dituztela adierazi dute arduradunek.

PlayStationen ekimenetako protagonistetako bat izan den arren, Final Fantasy XVI PlayStation 5 kontsolan zein ordenagailuetan kaleratuko dela gogoratu beharra dago. Esan bezala, datorren urteko udan estreinatuko da.