Mendebaldera lehen aldiz iritsiko den Fire Emblem: Shadow Dragon & the Blade of Light edizio fisikoan zein digitalean estreinatuko da abenduan.

Jokalari gehienek Fire Emblem sagako pertsonaiak Super Smash Bros. Meleerekin ezagutu zituzten 2001. urtean. Marth eta Roy ikusi zituzten bertan borrokalari bezala, baina FEko jokoak ez ziren oraindik Europan estreinatuko. Aurten 30 urte betetzen ditu lehen jokoak. Hori ospatzeko asmoz ingelesezko itzulpena duen edizio berezia argitaratuko du Nintendok Switcherako.

Fire Emblem (FE: Blazing Sword bezala deitua Europatik kanpo) 2003. urtean Game Boy Advancera iritsi zenean jokatu zuten askok lehen aldiz estrategia jokora. Hala ere, aurretik NES eta SNESean argitaratutako hainbat joko mendebaldera heldu barik geratu ziren.

Horien artean dago sagako lehen jokoa. Fire Emblem: Shadow Dragon & the Blade of Light 1990ean estreinatu zen jatorrizko NESean. Nintendo DSrako remakearekin ezagutu ahal izan zuten europarrek Marth heroiaren lehen abentura, baina bideojoko originala Japonian gelditu zen.

Edizio berezia formatu fisikoan zein digitalean kaleratuko dute. Edizio fisikoa sagaren zaleentzako ezinbesteko produktua izango da. NESeko jokoaren kaxaren eta kartutxoaren erreplikak, arte liburua eta beste hainbat gehigarri batuko ditu. Dena dela, edizio hau AEBetara soilik iritsiko da printzipioz.

Ingelesez jokatu ahal izateaz gain ezaugarri berriak ere gehituko dizkiote Fire Emblemi. Dagoeneko iragandako txandetara itzultzeko aukera egongo da, erabaki txarren batengatik heroiak hiltzeko arriskua ekiditen laguntzeko. Abiadura azkarrean jokatzea ere ahalbidetuko dute bertsio honetan, txandak azkarrago igarotzeko. Azkenik, partidak une zehatzetan gordetzeko aukera ere egongo da.

Fire Emblem: Shadow Dragon & the Blade of Light abenduaren 4an estreinatuko da. Hori bai, Nintendoren beste joko batzuekin gertatu bezala epe mugaturako izango da: martxoaren 31tik aurrera ezin izango da eskuratu.