Aurreko jokoetako heroiak inbokatzeko ahalmena izango dugu. 2023ko urtarrileko 20an iritsiko da Nintendo Switch-era.

Nintendo Direct aurkezpenak hainbat ustekabeko agerian jarri ditu. Guztien artean lehena Intelligent Systems garatzailearen lan berria izan da: Fire Emblem Engage. Estrategia jokoaren bideoa ezagutzera eman dute japoniarrek, berritasun mordoarekin.

Heroi eta mundu berria ikusiko ditugu oraingoan: Dragoi jainkotiarraren rola hartuta arerioen armadei aurre egitea izango da gure xedea. Nola ez, hori lortzeko askotariko adiskideen laguntza jasoko dugu. Grafikoki Three Houses-en antzekoa izango dela ikus daiteke trailerrean; estetika koloretsuagoaren alde joko duela dirudi, hori bai. Protagonistaren itxura ikustea besterik ez dago, zer esango dut.

Mekaniken aldetik ohiko ezaugarriak ikusiko ditugu. Txandakako estrategia borrokak izango dira nagusi bideojokoan. Bideoan aurreko jokoaren akademia bezalako gunea erakutsi dute; lagunekin hitz egiteko eta harremanak sendotzeko tokia izango dela suposa daiteke, beste hainbat mekaniken artean.

Berritasun nagusia, baina, Fire Emblem eraztunen aldetik dator: tresna hauei esker aurreko jokoetako heroiak inbokatuko ditugu gurekin batera eraso bereziak egiteko. Marth, Celica, Sigurd eta beste asko ikusiko ditugu, beraz.

Iragarpenarekin batera argitalpen data ere zehaztu dute Kiotokoek: Fire Emblem Engage datorren urteko urtarrilaren 20an merkaturatuko da Nintendo Switchean.