Hiru eduki sortatan banatuko dituzte berritasunak: lehena, gaur bertan kaleratuko da.

Nintendo-k Fire Emblem: Fortune’s Weave estrategia taktiko jokoaren ordainpeko Expansion Pass edo eduki gehigarriak aditzera eman ditu.

Irailean estreinatu zen azken Fire Emblem abentura Switch 2 kontsolan, iritzi benetan baikorrak eskuratuta. Dagoeneko erraldoia den abentura hedatzen jarraitzeko, hiru eduki sorta iragarri dituzte Expansion Passaren baitan.

Lehena gaur iritsiko da, itxura batean, txikiena izanik: lau arma berezi batuko dituen adabakia dugu. Ez dira edonolakoak, ordea, Fire Emblem: Three Houses arrakastatsuan ikusitako heroiaren erlikiak baitira. Horrela, Fortune’s Weaveko Cai, Dietrich, Theodora eta Leda heroi nagusiek arma bakoitza jasoko dute.

Bigarren DLCak pertsonaientzako itxura edo azal berriak ekarriko ditu, baina ez da horretara mugatuko: Dagda erresumako Aurora, Smyrnos eta Jurah jainkoak lurreratuko dira abenturan, hiru pertsonaia boteretsu gehituta. Eguberrietarako prest egongo dela diote N handitik.

Hirugarren eta azken eduki gehigarria izango da nagusia, zalantzarik gabe. Lau protagonista berri, eta bakoitzarentzako berezko ibilbideak gehituko ditu: Bertrand, Talimun, Orchel eta Anatolia izango dira. Istorio berriekin batera pertsonaiak, gerlari motak eta gehiago agintzen dituzte Intelligent Systems-eko garatzaileek. Espantsioa 2027an iritsiko da, datarik zehaztu gabe.