Sokaballa zaleak 2019an hasitako bideojokoa bukatu du: Istorio guztiz berria, heroi zein unitate berriak eta mekanikak gehitzen dizkio GBAko klasikoari.
Maite dituzun bideojoko horien romhack interesgarriak ezagutzea ikaragarria da. Fire Emblem: Illuminateden kasua da; izan ere, Fire Emblem: The Sacred Stones bikaina oinarritzat hartuta berritasun mordoa eskaintzera datorren proiektu berria dugu.
Sokaballa zaleak FEUniverse atarian argitaratutako adabakiak 2004. urtean Game Boy Advance eramangarrian estreinatutako azken Fire Emblem jokoa erabiltzen du abentura desberdinean bilakatzeko. 2019an abiatu zuen proiektua, eta, oraindik akats zuzenketak zein bestelako edukiak gehitu nahi dituen arren, bukatutzat jo du garapena.
Ralspar kontinenteko erresumen arteko gerra aurkeztuko zaigu bertan. Liburu magiko misteriotsua aurkitu ondoren, gure protagonistak —ez da ezpataria, azkenik!— abentura arriskutsuari ekin beharko dio, bidean lagunak zein etsaiak ezagutuz.
Ahaztu sekulako zailtasun maila proposatzen diguten romhackez: Illuminated zaila izan daiteke, bai, baina, aukera desberdinei esker, dueluen erronka nahi bezala molda dezakegu. Kanpaina kasualean edo klasikoan jokatzea hauta daiteke, besteak beste: horrela, ez dugu zertan heroirik galdu behar, hauek borrokan eroriz gero.
Denetariko berritasunak gehitzen dizkio obra originalari: sprite berriak ikusiko ditugu bai pertsonaien hizketaldietan, bai borroketan.
Mekanika interesgarriak proposatzen dira: heroi bakoitzak, bere pertsonaia motaz eta estatistikez gain, abilezia desberdinak jasoko ditu. Adibidez, protagonistak bere inguruko adiskideak indar ditzake. Paper Mario bezalako jokoengandik datoz, gainera, neurtutako kolpeak zein babesak: une egokian A botoia sakatuz gero, gure erasoek min gehiago egingo dute, edo, kontrara, arerioen kolpeengandik babes gaitezke.
Doinu berriak entzungo ditugu jokatzen gabiltzala… gutxi gorabehera; izan ere, hainbat bideojokoren soinu bandak hartu ditu Sokaballak Illuminateden abestiak osatzerakoan. F-Zero, Zelda edo Tunic tituluetako musika entzungo dugu, FEren doinuekin batera.
Laburbilduz, Fire Emblem klasikoetara itzuli nahi duenarentzat aukera ezin hobea dakar FE: Illuminatedek. Egia da saga honetako, eta, batez ere, GBAko jokoetako romhack apartak ditugula, baina azken honen maila oso altua da, istorio zein mekanika berriak desafio maila egokiarekin bateratuz.
Fire Emblem: Illuminated jokatzeko jarraibideak hemen aurkituko dituzue. Hala eta guztiz ere, argi izan The Sacred Stones originalaren kopia beharko duzuela adabakia erabiltzeko.
The Sacred Stones, bitartean, Switch-era
Kasualitatea dirudi, baina romhack hau jaso dugunean iritsi da FE: The Sacred Stones originala Nintendo Switch kontsolara.
Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzaren kontsola birtual zerbitzutik dator, nola ez, GBAko jokoa egungo kontsola hibridora. Renais erresumako Eirika eta Ephraim printzeekin batera biziko dugun abentura frankiziaren onenetarikoa da, aurreko FE jokoetan azaldutakoa hobetuz.
Iruzkinak