Nintendo-ren saga ezagunenetako eta arrakastatsuenetakoa da gaur egun txandakako estrategia partidak proposatzen dituen Fire Emblem. Nintendo 3DS-an berpiztu zen saga, ondoren Switch-ean sekulako ospea lortzeko Three Houses bikainarekin; gaur egun era guztietako jokoak eta spin-off obrak ditu: Shin Megami Tensei eta Persona frankiziekin lotzen zuen Tokyo Mirage Sessions ♯FE bitxia ikusi ditugu Wii U-an eta Switchean; musou estiloko borrokak ere izan ditu Fire Emblem Warriors sagarekin; gailu mugikorretako borroka sinpleagoek jokalari mordoa gatibatu dute doako Heroes-ekin.

Hala ere, Fire Emblem aspaldidanik sortutako saga dela ahazten dute askok: 1990. urtean estreinatu zen Fire Emblem: Shadow Dragon and the Blade of Light NES kontsolan. Esan bezala, baina, estrategia izan da betidanik frankiziaren ardatza. Ohikoena bi armadak txandakako batailetan parte hartzea da; gure aldean borrokalari eta soldadu ezezagunak eduki beharrean, izen, aurpegi, abilezia eta ezaugarri propioak dituzten pertsonaiak egongo dira.

Eskerrik asko, Super Smash Bros.

Nintendoren lehen kontsola horretarako zein SNES oinordekoan beste lau obra kaleratu ziren; kontsoletako estrategia zaleentzat obra aproposak ziren, eta arrakasta nabarmena eduki zuten Japonian… eta Japonian bakarrik.

Zergatik? Sagari ez ziotelako inolako aukerarik eman mendebaldean. Guzti hori aldatu zen, baina, Super Smash Bros. Melee borroka jokoaren estreinaldiarekin. Nintendoren frankizia desberdinetako pertsonaiak biltzen dituen sagako bigarren obrak Fire Emblemeko bi protagonista jaso zituen: bat, lehen jokoetako Marth printzea; bigarrena, Game Boy Advance kontsolan estreinatzeko zegoen Fire Emblem: The Binding Blade proiektuko Roy. Bi pertsonai hauek harrera bikaina eduki zuten mendebaldean; ez hori bakarrik, fantasiazko sagaren jostagarritasun mekanikak zituen Advance Wars-ek sekulako arrakasta lortu zuen mundu osoan. Hori horrela, Nintendokoek GBAko Fire Emblemei aukera bat emateko erabakia hartu zuten.

Roy ez, baina bere aita Eliwood izan zen Europan estreinatutako lehen Fire Emblemeko protagonista. Aipatutako The Binding Bladeren ondorengoa izan zen, hain zuzen ere: hemen Fire Emblem izenarekin argitaratu bazen ere, jatorriz The Blazing Blade (Rekka no Ken) azpitituluarekin estreinatu zen Japonian Intelligent Systems garatzailearen lana. Gidoi aldetik Royren abenturan jazotakoen aurretik gertatzen den lana denez, ordura arte saga ezagutzen ez zutenek arazo handirik gabe joka zezaketen frankizia berri horretara.

 

Fantasia Nintendoren eskutik

Zaldunak, magia, dragoiak eta politika aurkitu zituzten GBArako jokoa erosi zutenek; hau da, frankiziaren ohiko gaiak. Orduan ezezaguna zenez, baina, jokalariek pozik hartu zituzten kontsola eramangarrirako berritzaileak ziren jostagarritasuna zein istorioa.

Sarrera luze batekin hasiko dugu abentura: Lyn gaztearekin batuko den estratega baten rola hartuko dugu. Sacae-ko lurretatik bidaiatzen hasiko dira, neskaren leinua ezagutu eta bere familiarekin batu arte. Horretarako, baina, dozenaka etsairen aurka egin beharko dute; zorionez, horiek garaitzeko laguntza jasoko dute protagonistek. Maila gehienetan gure alde egongo diren pertsonai berriak ezagutuko ditugu: batzuetan, automatikoki gehituko dira gure armada txikira; besteetan, gure esku egongo da hauek errekrutatzea.

Gurekin egongo diren pertsonaiak maila edo klase desberdinetakoak izan daitezke: zaldunak, arkulariak, magoak, abadeak, mertzenarioak… bakoitzak funtzio desberdin bat beteko du armadan. Ezpata erabiltzaileak, adibidez, aizkora daramaten arerioak akatzeko aproposagoak izango dira; magoek defentsa fisiko handiak dituztenak garaitzeko errazago izango dute; arkulariek pegaso zaldunak kolpe bakarrean eraitsi ditzakete, etab.

Borroka horiek txandakako formatuan biziko ditugu; alabaina, ez da denbora errealeko lehiarik egongo. Laukiz osatutako mapa baten bidez kontrolatuko ditugu gure unitateak: misioaren arabera osatutako mapetan zelaiak, mendiak, ibaiak, gotorlekuak eta bestelako guneak osatzen dituzten laukiak ikusiko ditugu. Bakoitzak erasoak saihesteko erraztasun desberdinak eskainiko dizkigu, baita mugikortasun oztopak jarri ere: mendiak zeharkatzea nekezagoa izango da, baina horietan erasoak ekiditeko aukera handiagoak izango ditugu.

Hegan egin dezaketen pertsonaiek bizkorrago zeharkatuko dituzte kokalekuak, baina orokorrean bizi barra edo defentsa urriagoak izango dituzte; kontrara gertatzen da unitate geldoekin: zaldun batek sekulako kolpeak jaso ditzakeen bitartean, mapa zeharkatzeko denbora beharko du. Pertsonai bakoitza hautatzerakoan ikusiko dugu hau noraino mugi dezakegun txanda bakoitzean, baita nori eraso diezaioken ere. Gure txanda bukatzerakoan, etsaiarena hasiko da: arau berberekin jokatuko dute, baina noski, armada handiagoak izango dituzte.

 

Sakon hausnartu fitxa mugitu aurretik

Erronka edo helburu desberdinak jasoko ditugu misiotik misiora. Batzuetan, arerioen buruzagi boteretsua akatzea nahikoa izango da; askotan, txanda kopuru zehatz batean bizirautea izango da gure zeregina; gune batera heldu behar izatea ere gerta daiteke. Mapek girotze eta oztopo aniztasun handia erakusten dute gainera: herrietan, jauregietan, sumendietan, desertuan, itsasontzietan eta askoz toki gehiagotan borrokatu beharko gara, bakoitza bere berezitasunekin. Baldintza bereziak beteta soilik agertuko diren misio ezkutuak ere ikusiko ditugu: pertsonaia bat bizirik mantentzea edo gutxieneko maila batean edukitzea, adibidez. Zailtasun maila areagotu egingo da hauetan; jokoak aparteko gordetako partida sortzeko aholkua eskaintzen du, kasu batzuetan borroka benetan latzak biziko baititugu. Hala ere, objektu berezi eta boteretsuak lortzeko aproposak izango dira.

Zaldunak, magia, dragoiak eta politika aurkitu zituzten GBArako jokoa erosi zutenek; hau da, frankiziaren ohiko gaiak.

Hortaz, txanda bakoitzean ondo pentsatu beharko ditugu gure mugimenduak. Gehienetan pazientziarekin jokatzeak bere onurak ditu: gure armadako borrokalariek bizirik jarraitzeko bide bakarra izatea ohikoa da: indartsuenak aurrera bidali arerio latzenak akatzeko, sendalariak babespean mantendu…

Hala ere, presaka ere ibili beharko gara zenbaitatetan: errekrutatu daitekeen pertsonaia hori ez hiltzeko edo misioa gainditzeko bizkor ibili beharko da. Horrela ibiltzeak zoritxarreko ezustekoak ekar ditzake, ostera; izan ere, gure borrokalariren bat zenduz gero, hau ezingo dugu berreskuratu, eta partida osorako desagertuko da. Zer nolako mina ematen duen zure unitaterik onenak eraso kritiko baten erruz galtzeak. Kasu horietan misioa berriz hasi dezakegu, baina hauek oso luzeak izan ohi dira, beraz adi ibiltzea ezinbestekoa izango da guztiak bizirik mantentzeko. Protagonistetako bat hiltzen bada, orduan bai, game over pantaila ikusiko dugu. Beraz, nahiz eta estetika anime koloretsua eduki, tentsioz betetako batailak biziko ditugu; pertsonaiak hiltzen ikustea ez da xamurra izango.

Aurkariak akatzerakoan edo beste hainbat ekintza burutzerakoan gure pertsonaiek esperientzia puntuak lortuko dituzte. 100ekin mailaz igo, eta abilezia puntuak eskuratuko dituzte; hauek ausazkoak izaten dira, eta automatikoki ezartzen zaizkie. Bizi puntu gehiago, indarra, abiadura… abilezien hainbat kategoria daude. Dena den, pertsonaia batzuk besteak baino hobeak dira; mailarik altuenera igotzea lortuta guztiak izango dira benetan boteretsuak. Batzuek, ordea, are indartsuagoak izateko aukera edukiko dute. Zeintzuk? Jokoak ez dizu esango! Abileziak hobetzeko beste bide bat laguntasun konbertsazioak dira: pertsonaia batzuek elkarren ondoan zenbaitatean borrokatuz gero hizketalditxoak mantentzeko aukera dute. Beren testuinguruari buruz gehiago jakiteko balio izateaz gain, abileziak indartzeko erabilgarriak dira.

 

Abentura zaila… edo ez da horrenbesterako?

Aipatutako elementu guztiak kontuan hartuta, zailtasun maila oso aldakorra duen jokoa da Fire Emblem hau. Zure unitateak zaindu eta bizirik mantentzeko ahalegina eginez gero, ahal bezain beste indartzen joanda, ez duzu arazorik edukiko jokoa gainditzeko. Orain jokatutako partidan, abentura hainbat aldiz bukatu ondoren, erabaki zuzenak hartzen eta unitateen arteko oreka mantentzen saiatu naiz. Lord nagusiak (Eliwood, Lyn eta Hector) maila altuetara eraman lehenik eta behin, ondoren beste unitate batzuk indartzen hasteko. Hori eginda, armada osoak suntsi ditzaketen sei-zazpi heroien batailoia eratu dut; hauek gerra tokietara bidali eta gehiegi arduratu gabe gainditu ditut maila desberdinak. Unitaterik ahulenak babestea izan da nire ardura nagusia.

Partida honek ez du zerikusirik izan 2004an jokoa argitaratu zenean jokatutako lehenengoarekin. Ordu hartan ez nituen mekanikak ondo ulertzen; modu aproposean jokatzen ikasten hasi nintzenerako dagoeneko dozenaka ordu nituen sartuta. Zer gertatu zen? Protagonistak borroketara bidaltzeko beldurrarekin nenbilen, hauek akatuz gero zuzenean partida amaitzen zelako; askotan borrokalari indartsuenak hil, baina partida berrabiarazi beharrean aurrera egiten nuen. Abentura bukaerara iristerakoan armada ahularekin nenbilen; maila bakoitza amesgaizto bat zen: zailtasunak gora egiten zuen era esponentzialean erronka berri bakoitzaren aurrean. Ekin eta ekin ibilita jokoa bukatzea lortu nuen; sufritzen eta armada erdia hilda.

Eta hala ere, mendebalderako lehen Fire Emblem abentura izanik zailtasun maila findu zutela azpimarratu beharra dago —hasierako 11 misioak tutorialaren barne daudela ikustea baino ez dago—. Aurreko The Binding Bladek ez zeukan errukirik analizatzen ari garen jokoaren aldean: bertan dozenaka etsai botatzen zizkiguten arerioen armadek, askotan defendatzeko aukerarik gabe; ohikoa izaten zen behelainoa zegoen mapetan ezustean gaizkileen unitateak etengabe agertzea, adibidez. The Blazing Bladen oinordekoak are errazagoak direla aipatu behar da baita: Sacred Stones jarraipenak, esate baterako, armadak nahi beste entrenatzeko aukera eskaintzen zuen; hortaz, heroi ahulak izanez gero hauek mailaz igon genitzakeen.

Zentzu horretan joko bitxia dela esan beharra dago. Generoko beste hainbatekin gauza bera gertatzen da: XCOM saga datorkit burura, esate baterako. Bertan hainbat orduren ostean kanpainan porrot egitea posible da; hala ere, jokoaren egitura beste mota batekoa da: nahiz eta istorio bat kontatzen den, prozeduralki sortutako misioak dira nagusi. Fire Emblemen honetan kontuz ez bagabiltza joko osoa berriz errepikatu behar izatea gerta daiteke. Oso traketsa izan behar da hau posible egiteko bai, baina pasa daiteke.

 

Estrategia partida sinple baina erakargarriak

Hala ere, estrategia joko sinpleen eta azkarren maitaleentzat titulu zoragarria da Fire Emblem hau. Ez du inolako desbiderapenik hartzen, frankiziako azken jokoek egiten duten bezala: hemen txandakako borroketatik borroketara ibiliko gara uneoro. Atalik berrienek esplorazioa, RPG elementu gehiago, harreman sistema eraberrituak eta beste hainbat ezaugarri gaineratzen dituzte; aproposak eta interesgarriak, zalantzarik gabe, baina askotan jokoaren funtsetik aldentzera eramaten gaituztenak. Aipatutakoa mekanika zerrenda luzearekin zein neurtutakoarekin egiten du; hau da, erronkei aurre egiteko bide desberdinak proposatzen hasiko dira behin eta berriz, baina ez da batere zaila izango hauek jarraitzea. Jostagarritasunaren oinarriak erraz ulertzekoak dira, estrategia obra izan arren.

Txanda bakoitzean ondo pentsatu beharko ditugu gure mugimenduak. Gehienetan pazientziarekin jokatzeak bere onurak ditu.

The Blazing Bladeren atal estetikoa ez aipatzea pekatua da. SNES eta GBA aroetako nostalgikoek benetan gozatuko dute arlo honekin: pertsonaien diseinua xehetasunez betetakoa eta koloretsua da hizketaldietan; estrategia fasean mapa argiak eta ulerterrazak dira nagusi, borrokalarien sprite ederrekin; borroka faseetan dator, baina, plater nagusia: animazio biziak ikusiko ditugu bertan. Sekulako lana egin zuten Intelligent Systemsekoek heroiak zein areroiak bizitzara ekartzerakoan. Kapen mugimenduak, eraso kritikoentzako efektuak… arlo honetan Game Boy Advanceko obrarik politenetakoa dela esan beharra dago. Bi dimentsiotako spriten maitaleentzat zoragarria izaten jarraitzen du gaur egun.

Fire Emblem: The Blazing Blade estrategia joko arinak maite dituen edonorentzat izugarrizko altxorra izango den titulua da. Nahiz eta 2004an kaleratu, freskoa, dibertigarria eta ederra da oraindik. Tentsioz betetako borroka ulerterrazak dira nagusi: jokatzea erraza da, baina adiskiderik hil gabe bukatzea zaila izango da, are gehiago sekretu guztiak aurkitzea. Istorio sinple baina entretenigarriarekin pertsonaia interesgarriak batzen ditu gainera, estrategia alorraren osagarri ezin hobea izanik. Zoritxarrez, gaur egun legalki eskuratzea zaila da —GBAko jokoak noizko Switch-ean, Nintendo?—; halere, egin badezakezu eta bere premisak erakartzen bazaitu, benetan merezi duen obrarekin topo egingo duzu.