Bideojoko hau Tribute Games Inc. enpresak 2017an bukatutako eta argitaratutako artelana dugu. Bi dimentsiotan aurkeztutako akziozko plataforma jokoa da. Orokorrean prozeduralki sortutako mailak aurkituko ditugu, baita roguelike izaera duten zenbait elementu ere. Jokalari bakarrarentzat sortua izan zen, eta teklatuaz eta saguaz gain, aginte bidez ere joka daiteke. Plataformei dagokienez, PS4, Xbox One, Nintendo Switch eta PC-ko Steam dendetan izango dugu eskuragarri.

 

Espazioko piraten buruzagien atzetik

Jokoak espazioan girotutako unibertso berezian kokatzen gaitu. Mermaidon izeneko galaxian garatuko dira gertakizunak, eta piraten munduari erreferentzia nahikotxo aurkituko ditugu. Flinthook izeneko protagonista misteriotsua aurkezten zaigu, benetan nor den inork ez dakien “justiziaren aldeko gerlaria”. Hasierako ikus-entzunezkoan agertzen den bezala, bahitu dituzten bere antzeko izakiak askatzen ahalegintzen dabil. Egoera honek espazioko pirata buruzagi desberdinen aurka eramango du Flinthook.

Jokoak roguelike osagaiak dituela diote garatzaileek, maila handi batean roguelite bezala izendatzea zertxobait zuzenagoa izan daiteke. Abentura hasi baino lehen espazio piraten buruzagi bat hautatuko dugu helburu nagusi bezala, hau garaitzera bidean hiltzen bagara zein azkenean eginbeharra lortzen badugu, hurrengo abentura hastean, hasieratik abiatu beharko gara berriz ere.

Hala ere, saiakera bakoitzean lortutakoek zenbait hobekuntza eskainiko dizkigute, horrela, hurrengo saiakeretan gure estatistikak edo ekipamendua hobetzen joango gara. Honek gero eta erronka zailagoak egitera ausartzea ekarriko du, buruzagi geroz eta indartsuagoak menperatzen saiatuko garelarik.

Buruzagiak ez ditugu zuzenean aurkituko, horretarako pirata nagusi bakoitzaren esanetara dauden ontzi desberdinak erasotu, arpilatu eta suntsitu beharko ditugu. Ontzi bat bukatzen dugun bakoitzean, Flinthookek bere iparrorratz berezia elikatu ahal izango du. Espaziontzi nahikoak “garbitutakoan” protagonistaren gailuak bilatzen ari den arerio nagusiaren kokapen zehatza emango dio.

Helburutzat dugun etsaia garaitzen badugu, merezitako esperientzia puntu eta bestelakoez gain, hurrengo buruzagiaren bila joateko aukera irekiko dugu. Harrapatu nahi dugun pirata nagusiaren arabera, bere espaziontzia zein aurretiaz arakatu beharreko ontziak estetika eta zenbait tranpa pertsonalizatuz hornituta aurkituko ditugu.

Bideojokoak prozeduralki sortzen diren ziegak bezala aurkezten dizkigu erasotu behar ditugun espaziontziak. Edozein ontzi abordatu baino lehen hiru ontziren artean bat hautatu ahal izango dugu, bakoitzak aldaera bat edo gehiago aurkeztuko ditu: arerio kopuru handiagoa, arrunta dena baino janari gehiago, uneoro bizitza maila jaitsiaraziko digun aire pozoitua, ohikoa dena baino horma ziztazaile zorrotz gehiago dituztenak…

Gelak perpendikularki daude ezarrita, beraz ateak geletako goikalde, behealde, ezker zein eskuinean aurkituko ditugu. Batzuetan ate berri bakarra aurkituko dugu jarraitzeko eta beste zenbaitetan bat baino gehiago, ziegak suposa dezakeen labirinto txikia handiaraziz. Ontzietan, arerioak bezain arriskutsuak izaten dira bertan jarritako tranpak edo amarruak, eta, bizitza maila berreskuratzeko aukerak dauden arren, nahiko kontuz ibili behar izaten da ontziaren amaierara heldu eta Flinthooken iparrorratz berezia elikatzeko.

Aipatu bezala, etsai desberdinak daude, bakoitza bere eraso motekin eta gaitasunekin. Zenbait kasutan arerio mota berdinak maila desberdinak izan ditzake, orokorrean kolore desberdinen bidez erakusten dutelarik, hauek eraso ahalmen handiagoa izaten dute eta arrisku gehigarri bat suposatu ohi dute. Eskifaiak beraz, Flinthooken arazo nagusietako bat osatzen du, baina ez bakarra.

Flinthookek beste zailtasun handi bati egin behar dio aurre, espaziontzietako zenbait gela arriskuz beteta daude: gerturatu bezain azkar aktibatzen diren laserrak, zapaldu eta epe laburrera agertzen diren labana zorrotzdun tranpak, kate batzuetara lotuta daudelarik etengabe mugitzen diren pilotak, eraso elektrikoak askatzen dituzten gailuak… Sarritan areriorik ez daukaten gelak topatuko ditugu, zailtasun bakarra honelako tranpak direlarik. Hainbatetan arerioz betetako gelek baino erronka latzagoa suposatuko dute.

 

Borrokarako prest dagoen heroia

Flinthooken kontrolak nahiko sinpleak dira, eta oso lirainak. Jokalariak jauzi egin dezake eta hormak erabil ditzake gorago salto egiteko, nahi duen beste aldiz. Erortzen gaudela, beheranzko abiadura handitu dezakegu nahi izanez gero.

Mugikortasuna areagotzeko Quickhook izeneko gailua daukagu, pistola baten bitartez jaurtitzen dugun soka batera lotutako aingura txikia, honek ziega eta maila guztietan aurkituko ditugun uztai metalikoetara heldu eta Flinthook harantz eramateko gaitasuna du. Quickhook honen erabilera ezinbestekoa izango da, tokietatik azkarrago mugiarazteaz gain, beste geletara sartzeko erabili behar delako.

Aipatutakoez gain badago beste gailu berezi bat Chronobuckle deritzona. Gerriko honek epe jakin batez denbora geldoarazi dezake, ez du erabat pausatzen baina zeharo astiroago joango da gertatzen ari den guztia. Oso garrantzizkoa bilakatuko da geletara sartzerakoan bertan aurkituko digun arriskuak neurtzeko baina batez ere arerioen eraso eta tranpak ekiditzeko. Zorionez, erabiltzen ez dugun bitartean berriz betetzen da eta nahiko laster egoten da eskuragarri berriz ere.

Flinthookek erasotzeko erabiltzen duen tresna bere Blasma pistola da, hau izango da gure borrokarako tresna nagusia eta 360 graduko esparrua izango dugu tiroak norantz bidali erabakitzeko. Gai honekin amaitzeko, batzuetan jokoak azpiarmak deritzonak aurkituko ditugu, erabilera bakarrekoak izaten dira baina sarritan aurkitu ditzakegu. Lau mota desberdin daude eta euren artean lehergailu jaurtigarriak, denbora erabat geldiarazten duten tresnak zein eraso guztietatik babesten gaituzten jantziak daude (hau une batez egiten dute soilik).

Esperientzia lortu ahala Flinthooken gaitasunak areagotu zein ahalmen berriak ematen dizkioten kartak lortzen joango gara. Horrekin batera, karta hauek kokatzeko toki edo gako gehiago lortzen joango gara baita ere. Honi esker, partida bat hasi baino lehen geure ekipamendua eta estatistikak maila batean aukeratzeko beta izango dugu.

Lortu daitekeen beste gauza batzuk ere badaude karta zein hauentzako gakoez gain: bizitza maila handiagoa edo azpiarma berriak ager daitezen askatu beharrekoak esaterako. Honen ondorioz, astiro-astiro geure pertsonaia pixka bat indartsuagoa izango da hasieratik. Behin espaziontzietan sartuta, honelako kartak lortzeko aukerak izango ditugun arren, hauek urriagoak izango dira.

Tribute Games Inc. sortzaile taldeak egindako lanak oso itxura ona aurkezten du estetika alorrean. Aukeratutako estiloa eta ingurugiroek beren izaera ezagutarazten dute ikuste hutsarekin. Erabat fikziozkoak izan arren, eta beraiei lotutako informazio txatal txikiak bakarrik aurkituko baditugu ere, unibertso berezi eta sinesgarri bat jartzen diguten begi aurrean.

Xehetasun txikiz josita daude espaziontzietako gela txikiak eta hauetako batzuk suntsigarriak dira, gehienetan zenbait txanponak agertaraziko dituztenak. Grafikoki arlo honetako artea gogoko dutenetzat oso erakargarria da, ez soilik daukan itxuragatik, mugimenduan ikustean irudien jariokortasuna ona delako ere bai.

Hautatutako soinua ere interesgarria da, aspaldiko “arcade” izaera hori sumatzen zaiolako, eta, gaur egungoa izan arren, aurreko mendeko arima duela esan daitekeelako. Doinu azkarrak eta itsaskorrak aplikatzen ditu, burmuina akzioan erabat murgildu beharko duen jokalariari erreferentzia eginez. Borroketan batez ere, arin pentsatu eta erabakitzea eskatuko du jokoak eta soinuaren erritmo honek beharrezkoa den azkartasunean barneratu gaitzake, abiadura hori denbora geldotzeko gailua erabiltzean soilik lasaituko delarik.

Teklatua eta sagua erabili ahal izateaz gain, aginte bat erabiltzerakoan, Flinthookek bi kontrol sistema eskaintzen dizkio jokalariari. Lehena “Default” edo oinarrizkoa da eta eredu sinple bat eskaini nahi du. Joystick batekin mugitu eta apuntatzea baimentzen du, botoi bat sakatu eta Flinthook tokian geldi uztea ere baimentzen du, zehazki tokiren batera tiro egiteko, pertsonaia tokitik mugitu gabe.

Eredu honek arazo nagusi bat dauka, ez ditu eskura dauden aukera guztiak aldiberean modu eroso batean erabiltzeko abagunea eskaintzen. Hori dela eta, eredu honek kritika handiak jaso zituen, hasieran errazago ibiltzeko modua bezala aurkeztu zuten arren, maila zailenetan oso katramilatsua bilakatzen delako.

Beste eredua, “Pro” izenez agertzen zaiguna, zailagoa izan daiteke hasieran baina pertsonaiaren aukera guztiak ustiatzen ditu. Ezkerreko joysticka mugitzeko, eskuinekoa apuntatzeko eta bestelako agindu garrantzitsuak agintearen goikoaldeko katu eta botoietan kokatuta dauzka. Honek adibidez zera ahalbidetzen du, eskuinerantz salto egitea ezkerrerantza tiro egiten dugun bitartean, beste ereduak zoritxarrez lortzen ez duena.

 

Esperientzia garraztu dezaketen zailtasunak

Kasu honetan Quebeceko garatzaileek zenbait gauza oso ondo egin dituztela esan daiteke, baina beste batzuk zalantzan jarri izan dituzte hainbeste erabiltzailek. Batez ere, alde estetikoa eta soinua goraipatua izan da, hautatutako roguelite izaera jende askok gustoko izan du, eta beste askok, zoritxarrez, ez. Baina badaude jende askorentzat arazotsuak izan diren zenbait atal, eta, egia da, jokoaren azken zatia hasiera baino askoz gupidagabeagoa dela.

Hasierako buruzagiak nahiko errazak dira eta beraiengana heltzeko osatu behar diren misioak ez dira hainbeste. Puntu batetik aurrera, arerio nagusiengana heltzeko misio nahikotxo egin beharko ditugu, eta jokoa oso zurruna da jokalariak egindako akatsekin.

Aurkitutako altxorrek kolpe bat osatzeko besteko janaria eman ohi digute, baina gela bat nahiko txarto eginez gero, egindako akatsak larrutik ordainduko ditugu. Ez hori bakarrik, kolpe bat jasotzerakoan, une batez ezingo gaitu beste ezerk mindu, baina epe hau oso laburra da hainbeste jenderentzat, beraz, jarraian jasotako zauriak beste joko batzuetan baino maizago ikus ditzakegu.

Gainera, zenbait kasutan ukitu eta epe laburrera aktibatu ohi diren tranpak ez dira ikusten, hauen berri eman ohi duten ezaugarri erakusgarriak oso txikiak direlako. Berez azken hau ez litzateke hain mingarria, jokoak orokorrean akatsak hobeto barkatuko balitu, baina ikusitako egoeran latza egiten den zerbait izan daiteke.

Arrazoi hauek eta beste batzuek bere azken buruzagiak lan oso zaila eta nekagarria bilakatzen dute, oso ondo egindako partida bat pikutara joan daiteke zenbait gelatan akats larregi egitekotan. Horregatik, ez da harritzekoa hainbeste jokalarik esatea roguelite izaera garesti ateratzen zaiola bideojokoari, estetikoki ederra den arren frustragarria izatera hel daitekeelako. Izan ere, helburua lortzen ez dugun bakoitzean berriz hasieratik abiatu beharko garelako. Ondorioz, rouguelite ereduaren ordez, iruzkin askotan kanpaina egitura klasiko bat hobeto letorkiokeela irakur daiteke.

Aipatutako laburbilduz, Flinthook itxuraz oso erakargarria izan daitekeen joko interesgarria dugu, jokagarritasun neurtua eta gustagarria eskaini dezakeena baina aldiberean estua eta zorrotza dena. Hasierako mailak modu erraz eta duin batean gainditu daitezke, esperientzia azkar eta lirain bat irudikatuz. Mailetan gorantz joan ahala lorpenak jasotakoan harrotasun puntu bat dastarazi diezagukeen arren, bidearen amaierara heltzea oso gogorra bihur daitekeen ataza dela jakitea komeni da. Hori dela eta, ohartarazpen garrantzitsu honekin batera gomendatu daitekeen bideojokoa dugu.