Irailaren 30etik urriaren 3ra bitartean ospatuko da ekimen japoniarra. Xbox, Capcom, SEGA, Square Enix eta asko gehiago egongo dira bertan.

Beste urte batez formatu guztiz digitalean gauzatuko dute Tokioko Game Show bideo-jokoen azoka ezaguna. Ez da aurtengo ekimenaren berezitasun bakarra izango: japoniarren ekimenak bere 25. urteurrena ospatuko du industriako hainbat garatzaile eta enpresa bilduta.

Azokaren egutegia eta bertan egingo diren aurkezpen eta ekimenen ordutegiak zehaztu dituzte antolatzaileek webgune ofizialeanIrailaren 30ean hasiko da Tokyo Game Show 2021; 15:00etan irekiera ekitaldiarekin emango diote hasiera, azken 25 urteetan lortutakoak nabarmendu eta etorkizunerako prestatzen ari direnak ezagutarazita.

Horren ondoren bai garatzaile japoniarren zein nazioartekoen bideo-jokoak ikusteko unea izango da urriaren 3an azoka bukatutzat eman arte. Ohiko enpresak egongo dira bertan: Capcom, Square Enix, Koei Tecmo edota SEGA bezalako garatzaileek ez dute hutsik egingo Tokioko azokan.

Dena dela, bestelako ustekabeak ere egongo dira aurten. Xbox-ek bere presentzia baieztatu du Xbox Tokyo Game Show Showcase 2021 aurkezpenarekin: Redmond-ekoek adierazi dutenez, “publiko japoniarraren arreta erakartzeko berritasun esklusiboak” erakutsiko dituzte bertan. Ubisoft ere izango da Tokion, baina dirudienez prestatzen dabiltzan Far Cry 6 baino ez dute eramango japoniarren hiriburura.

Genshin Impact arrakastatsuak berritasunak azalduko ditu MiHoYo-ko txinatarren eskutik, eta Atlus ere hurreratuko da ekimenera, ziurrenik Persona sagaren 25. urteurrenerako prestatu dutena ezagutzera emateko.

Jarraian ikus dezakezu egutegi osoa:

 

Irailak 30, osteguna

  • TGS2021 Online Opening – 03:00
  • King of Fighters XV-en ekimen berezia – 06:00
  • Xbox Tokyo Game Show Showcase 2021 – 11:00
  • Konami: Yu-Gi-Oh! MD eta gehiago – 12:00
  • Capcom Online Program – 15:00

Urriak 1, ostirala

  • 505 Games – 11:00
  • Square Enix Presents – 12:00
  • Bandai Namco – 13:00
  • Level 5 – 14:00
  • SEGA / Atlus – 15:00

Urriak 2, larunbata

  • Tencent Games – 05:00
  • Koei Tecmo – 13:00

Urriak 3, igandea

  • Arc System Works – 06:00
  • 110 Industries – 08:00
  • Ubisoft: TGS Special Program – 11:00
  • Genshin Impact – 14:00