PS5erako eta PCrako kaleratuko du Square Enixek 2022an. Lehen gameplay trailerra erakutsi dute Square Enix Presents aurkezpenean.

Ekainean PlayStation 5aren aurkezpenaren baitan erakutsi zuen lehen aldiz Square Enixek Project Athia bezala ezagututako bideo-joko misteriotsua. Ordutik hona Athiari buruzko adierazpen gutxi eman dituzte japoniarrek, mundu irekiko jokoa izango dela soilik aldarrikatuta.

Atzo arratsaldean egindako Square Enix Presents aurkezpenean, baina, jokoaren behin betiko izena ezagutzera eman eta trailer berria erakutsi zuten Luminous Productionseko garatzaileek: Forspoken deitzen da prestatzen ari diren jokoa.

Ella Balinska aktoreak antzezten duen Frey Holland emakume gaztea izango da “abentura narratibo” bezala aurkeztutako jokoaren protagonista. Mundu misteriotsua esploratu beharko du Freyk, Athiako sekretuak ezagutzeko hainbat arerio eta erronkei aurre egin behar izanez. Gameplayean ikus daitekeenez, magiak garrantzia handia edukiko du Forspokenen: Freyk hainbat ahalmen eta aztikeria erabili ditzake mundua zeharkatu zein etsaien aurka egiteko.

“PlayStation 5erako bereziki diseinatutako jokoa” dela diote garatzaileek prentsa oharrean, eta kontsolaren indarra eta ezaugarriak aprobetxatzeko asmoa agertu dute. Halere, Forspoken PS5erako zein PCrako kaleratuko dute datorren urtean; gainerako kontsoletarako "24 hilabeteko esklusibitate epea" dauka PlayStationek, beraz gutxienez Xboxerako ikustea ere aurreikusten da.