Bereizmen hobea eta segundoko irudi tasa handiagoa dira aldaketa esanguratsuenak. Orain arte egindako aurrerapenak belaunaldi berrirako gordeko dira.

Hainbat dira kontsolen belaunaldi berrirako prestatzen ari diren bideojokoak. Epic Gamesen battle royale arrakastatsua dago horien artean: Fortnitek PlayStation 5ean eta Xbox Series Xan zein San jaso dituen aldaketak zehaztu dituzte arduradunek.

Nabarmendu dutenez, bertsio berriak kontsola horietarako bereziki egindako lanak dira. Hau da, ez dira egungo kontsoletako jokoen port xumeak: “kontsola berrien indar guztia aprobetxatzeko prest” daude.

PlayStation 5aren kasuan 4K-ko bereizmena eta 60 fps-ko tasa agindu dituzte; banatutako pantailan jokatuta ere tasa hori mantenduko da. DualSense agintearentzako bereziki prestatutako erantzun haptikoak izango ditu: kolpekariek modu berezian erantzungo dute agintearen kolpekariak zanpatzerakoan.

Xbox Series Xak PS5aren bereizmen eta irudi tasa berberak ditu. Series San, baina, Fortnite 1080p-ko bereizmenera mugitzen da. Segundoko 60 irudiko tasa mantendu egiten da, hori bai. Banatutako pantailan jokatzerakoan ere 60fps-tara jokatuko da bi Xboxetan.

PS5arekin eta Series Xarekin testuretan eta fisiketan hobekuntzak gehitu dituzte: bedarrak eta zuhaitzak leherketekin batera erantzungo dute. Fluidoen simulazio hobeak ere aipatu dituzte Epicekoek, baita hodei eta ekaitzentzako efektu berriak ere.

Gainera, bertsio eraberritu guztietan karga denbora murriztuak ikus daitezke. Partidetara azkarrago sartzeaz gain testurak arinago kargatzen dira.

Egungo sistemetan egindako aurrerapen guztiak belaunaldi berrira pasako dira. Modu horretara, orain arte Fortnitera aritu diren jokalariek ez dute kontsola berrietan jokatzen jarraitzeko arazorik edukiko. Bukatzeko, 2021eko urtarrilaren 5a baino lehen saioa bertsio berrituetan hasita pikatxoi berezia jasoko dute jokalariek.

Fortnite kontsola berriak kaleratu bezain laster iritsiko da horietara: Xbox Seriesen kasuan dagoeneko jokatu daiteke; PS5eko jokalari europarrek bihar arte itxaron beharko dute, munduko herrialde askotan dagoeneko estreinatu den arren. Orain arte egin bezala, bertsio eraberrituak doan jokatu ahal dira.