Japonian girotutako lasterketak PCan eta Xbox Series kontsoletan joka daitezke maiatzetik. Orain arteko gaurkotzeekin iritsiko da Sony-ren kontsolara.
Xbox-ek eta Playground Games-ek Forza Horizon 6 urtarrilaren 26an merkaturatuko dute PlayStation 5 kontsolan.
Japonian girotutako mundu irekia, 550 auto, lasterketa zein erronka mordoa eta konektatutako mundu bizia, horrela, iritsiko da Sonyren gailura. Panic Button estudioa ari da moldaketaz arduratzen. Maiatzean ikusi genuen seigarren atala PC eta Xbox Series plataformetan, hasiera batean, iritzi oso baikorrak eskuratuta.
PS5eko bertsioa 2026a bukatu aurretik iritsi omen behar zitzaigun. Garapenean arazoengatik izan bada, edo, Xboxek PlayStationengandik aldentzea erabaki duelako, auskalo, baina berandutze txikia ikusi du jokoak.
Orain arteko FHren maparik handiena, Tokio hiri erraldoia, urtaroak, bakarkako zein sareko erronkak, gure egoitza eraikitzeko aukera… Ezaugarriz beteta dator seigarren Horizon. Are gehiago, azken hilabeteotan jaso dituen eguneratzeak eta eduki gehigarriak hasieratik ikusiko ditu PS5eko bertsioak.
Aukera grafikoei dagokienez, bi modalitate ikusiko ditugu PS5ean: 4K eta 30 fotogramako tasa dituen kalitate ezaugarriaren edo 1080p zein 60 fps eskaintzen dituen errendimendu moduaren artean aukeratuko dugu. Plataforma arteko jokoa zein jarraipena ere iragarri dute; hau da, beste plataformetan egindako lorpenak partekatuko ditugu bertsio desberdinen artean, eta jokalari guztiak lehiatzeko bidea egongo da.
Espantsioa, bidean
Ez dira horretara mugatuko: lehen espantsio handia ere iragarri dute Playgroundekoek. Urtarrilaren 21ean estreinatuko da, bertsio originaletara zein egun batzuk beranduago datorren PS5eko jokora helduta. Edukiak zehaztu gabe utzi dituzte oraingoz.
Eduki gehigarri nagusiarekin batera, doako DLCa prestatzen dabiltza egileak, bukatzeko: egun berean ikusiko dugu.
Forza Horizon 6 urtarrilaren 26an plazaratuko da PlayStation 5ean.
Lander Unzueta
Iruzkinak