Kadokawa Corporation enpresa nagusiak jarraitzen du estudio japoniarraren gehiengoa edukitzen.
Kadokawa Corporationek txosten baten bidez ezagutzera eman duenez, Sony Interactive Entertainment-ek zein Tencent txinatar erraldoiaren subsidiarioa den Sixjoy Hong Kong-ek FromSoftware estudioaren akzioen kopuru esanguratsua bereganatu dituzte: % 30 inguru.
Japoniarrek nahiz txinatarrek bakoitzak bere bidetik erosi ditu akzioak, baina Kadokawak albistea aldi berean eskaini du. Sonyk FromSoftwaren % 14,09 dauka gaur egun; Tencentek, berriz, % 16,25.
Balio horiek aurretik zituzten akzioei gehitutakoak direla esan beharra dago; hau da, bi enpresek aurretik ere zituzten FromSoftwaren akzioak. Modu horretara, Dark Souls saga, Bloodborne, Sekiro: Shadows Die Twice edo Elden Ring maisulanak sortu dituen estudioaren portzentai garrantzitsua bereganatu dute dagoeneko.
Hala eta guztiz ere, azpimarratzekoa da gehiengoa oraindik Kadokawa Corporationek daukala: erraldoi japoniarrak Fromen % 66,9 du. Dena den, Sonyren eta Tencenten inbertsioek “FromSoftwaren garapen gaitasunak indartu” egingo dituela adierazi dute.
Sonyren kasuan, akzioen salmentak “enpresarekin duten harremana epe luzera indartzeko baliogarria” izango dela diote. Gogoratu beharra dago aurretik ere Sonyrekin esklusiboki lan egin dutela Fromekoek: Bloodborne, adibidez, PlayStation-ekoen Japan Studio taldearekin batera garatu zuten.
Tencenti dagokionez, “enpresak gailu mugikorren bideojokoen alorrean dituen garapenerako gaitasunak” nabarmendu dituzte Kadokawakoek.
Dena dela, momentuz FromSoftwarekoen lanetan ez dela aldaketa handirik emango dirudi. Beren azken jokoak edukitako arrakasta ikusita, ez da harritzekoa: Elden Ringek 16,6 milioi ale baino gehiago saldu ditu dagoeneko.
Iruzkinak