Relevo talde bilbotarrak PCan zein PlayStation kontsoletan estreinatuko du. Frontball estiloko lehiak proposatuko ditu.

Frontball Planetek argitaratze data dauka azkenik: pilota partiduak azaroaren 10ean hasiko dira lehiatzen. Ez hori bakarrik, norgehiagokez euskaraz gozatu ahalko da, bideojokoa gure hizkuntzan argitaratuko baita.

Bilboko Relevo estudioak pasa den urte hasieran iragarri zuen ofizialki bideojokoa. Gammera Nest talde madrildarreko kideekin zein PlayStation Talents egitasmoarekin elkarlanean prestatu dute Frontball Planet. Plataformei dagokienez, ordenagailuetan nahiz PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletan ikusiko dugu: kaleratze data saltoki ofizialetan ageri da.

Pilota partiduak izango dira protagonistak, baina ez dira ohikoak izango: jokoari izena jartzen dion Frontball modalitatean ariko gara. Ez baduzu ezagutzen, 2008an sortutako estiloa da: horma bakarra erabiliz jokatzen dira partiduak —Euskal Herriko zenbait plazetan egiten den modura—, erritmo bizkorragoan eta dinamikoagoan. Ideia nagusia munduko pilota modalitate desberdinak uztartzea da.

Jokoak nortasun horri helduko dio, arkade partida azkarrak eta dibertigarriak proposatuz. Bakarkako norgehiagokak biziko ditugu: jokalari bakarrak joka dezake, baina bi partaiderentzako tokiko multijokalaria ere ahalbidetuko dute Jon Kortazar garatzailearen taldekoek.

Mugimendu mota desberdinak erabil daitezke partiduetan; hala ere, pilota une egokian jokatzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko, eta uneoro ikusiko ditugu horren adierazgailuak. Tiro bereziak nabarmentzekoak izango dira: tantoa lortzeko biderik eraginkorrena, zalantzarik gabe.

Gure pilotaria sortzeko editorea ikusiko dugu, hainbat aukera eskainita; izan ere, garaipenak lortzen joan ahala itxura aldatzeko elementuak desblokeatu ahalko ditugu eskuratutako ordainsariekin. Orrazkera, arropak zein isekak alda ditzakegu, besteak beste.

3D estetika alaia eta modernoa erabili dute bilbotarrek bideojokoa sortzeko. Munduko frontoi desberdinetara bidaiatuko dugu. Miami, Tokio, New York zein Mexiko Hiria ageri dira irudietan; zelan ez, Bilbon bertan ere jokatzen ibiliko gara.

Frontball Planet, esan bezala, azaroaren 10ean estreinatuko da PCan nahiz PlayStation kontsoletan. Euskaraz jokatu ahalko dugu.