Badira ia hamar urte, lagunekin partekatzen nuen lokalera joan nintzen. Bertan, kide baten ordenagailu zaharra geneukan telebista baten ondoan finkatuta. Beste lagun batek zera esan zidan: “Beñat, jesarri, gauza bat ekarri dut zuretzat, eutsi”. Eskuan zeukan agintea eman zidan eta erronkari aurre egiteko prest jarri nintzen.
Hasi bezain laster, arerio nagusi bat, gogorra zen eta borrokan nagusitzen nengoela pentsatzen hasten nintzenean gogor kolpatzen ninduen, ozta-ozta garaitu nuen lehen saiakeran. Argi zegoen arerio nagusiz betetako abentura zela, ingelesez “Boss Rush” esaten zaien horietakoa. Iaz erosi eta amaitu nuen, esperientzia bikaina izan zen, modu ederrean zahartu zaigu Furi, eta zuekin partekatzea interesgarria iruditu zait.

Kartzelazaina da giltza, akabatu. eta askea izango zara
Hastapenean, gure pertsonaia lotuta ikusiko dugu eta Ahotsa deritzon pertsonaia etorriko zaigu, geure burua askatzeko unea dela esanez. Loturez askatu eta aurrera egingo dugu baina jarraian lehen arerioa topatuko dugu.
Intentsitate handiko borrokak eskaintzea bilatzen du jokoak, eta lortzen duela esango nuke. Bi modutan egiten du hau: urrunetik eta hurbiletik borrokatuko dugu.
Urrunetik gabiltzanean pistola erabiliko dugu eta arerioek ere hainbat jaurtigai bidaliko dizkigute. Kasu honetan bi joko-palankekin jokatzeko modua dugu. Ez naiz ausartzen Bala Infernu (Bullet Hell) izeneko joko zailenen mailara heltzen denik esatera, baina zaku horretan sartzen dute hainbat jokalarik, eta erronka interesgarria suposatzen du zalantzarik gabe.
Hurbiletik ekitean ezpataz baliatuko gara. Ondo neurtu beharko ditugu etsaien erasoak, dagokionean geldiarazi eta ahul daudenean mendekatzeko. Pistolarekin moduan, eraso gainkargatuak egin ditzakegu, baina oso ondo zaindu behar da erabilitako segundo bakoitza, etsai hauek ez baitute barkatzen.
Lehen borroka intentsitate maila onarekin hasten da, hemen borrokaren amaiera.
Bi borroka motetan azkar egin dezakegun bulkada berebizikoa da, jaurtigaiak saihestu zein borrokalekuko toki aproposenean kokatzeko. Bulkada egin bitartean ezin gaituzte kolpatu eta hori oso kontuan hartu beharreko ezaugarria da.
Etsai bakoitzaren aurkako borrokek estualdiak ekarriko dizkio jokalariari, urrunetik zein hurbiletik arriskutsuak izan ohi direlako. Gainera, tentsioa eragiten duen osasun sistema dauka jokoak. Jokalariak zein arerioek osasun neurgailu bana daukate, eta bakoitzaren azpian hainbat laukitxo. Laukitxo bakoitzak neurgailu oso bat ordezkatzen du, baina batzuetan neurgailua hiru aldiz hustu behar dugu arerioari lauki bat kentzeko. Kontua da, etsaiari neurgailua hustuz gero, norbere neurgailua betetzen duela irabazleak, hainbat kalte sendatuz, eta epe luzean oso garrantzitsua da hori.
Horrez gain, jokalariak osasuna beste modu batzuen berreskuratu ahal izango du baita ere: etsaiaren zenbait eraso geldiaraziz edo borrokalekutik ager daitezkeen esfera berdeak hartuz. Guzti-guztia da ongietorria aurkariak arnasaldirik uzten ez dizunean.

Ahotsa, untxi burudun pertsonaia, izango dugu bidelagun, eta informazio interesgarria partekatuko digu.
Mundu soila, baina ondo josia
Gurekin aurrera egiten duen Ahotsa pertsonaiak egingo du hitz gehien, gureak ez baitu hitz zipitzik egiten. Etsai bakoitzari buruzko informazioa eta guri buruzkoa bere ahotik jasoko dugu, baita Ahotsari berari dagokiona ere. Tarte hauek izango dira lasaitasunerako izango ditugun une bakarrak.
Pertsonaia gutxi batzuk daude jokoan, baina modu duinean sortuak. Gaur egun xehetasun gehiagodunetara ohituta gaude beharbada, baina haien izaerak ondo bereiziak dira eta Zi-Fi mundua dela jakinda, sinesgarriak dira.
Estetikoki, jokoa zenbait arlotan sinplea eta soila den arren, baliabideak azpimarratu nahi izan zituzten gauzetara bideratu zituzten, eta pertsonaiak zainduta daude. Are gehiago, hori oso argi gertzen da pertsonaiak sortu zituen pertsona nor den jakinda, Takashi Okazaki (Afro Samurai, Summer Wars, Batman Ninja, Star Wars: Visions…). Azkenean, pertsonaia bakoitzaren itxura, istorioa eta gurekiko lotura ezagututa, gogoangarriak iruditu zaizkit orokorrean.
Etsaiak maisuak dira hainbat jaurtigai jaurtitzen, horiek saihesten moldatu beharko da jokalaria.
Gaur egun, soinu bandarekin eta arte-liburu digitalarekin batera erosgai mantentzen den jokoaren eduki gehigarri bakarra (DLC) Onnamusha izenekoa da. Ez du arerio berririk gehitzen, baina borroka sistema berri bat dakar, borroka guztietan aplikatu daitekeena. Onnamusha aukera aktibatuz gero, jokalariaren pertsonaiak borroka estilo ezberdinak izango ditu, nahi duenean alda daitezkeenak.
Intentsitate handiko borrokak eskaintzea bilatzen du jokoak, eta lortzen duela esango nuke.
Txinparta izeneko borroka estiloa zeharo azkarra da eta bulkada bakarra egin ordez, bi egitea baimentzen du. Erasoak geldiaraztean sendatzen da pertsonaia baina kalte txikiagoak eragiten dizkio arerioei. Izarra izeneko borroka estiloa erabiltzeko neurgailua azkar betetzen du, erasoak saihestu zein geldiaraztean, baita etsaiak kolpatzean ere.
Ekaitza izeneko borroka estiloa oso indartsua da, baina geldoa. Gainera, bulkada egiten dugun bitartean kolpatu ahal izango gaituzte. Izarra borroka estiloa lortzeko neurgailua astiro kargatzen du.
Izarra epe labur batez aktiba daitekeen borroka estilo boteretsua dugu. Eraso indartsu eta azkarrak baliatzen ditu, baina, esan bezala, epe mugatuduna da. Horrez gain erabilitzeko, lehenik bere neurgailua bete behar da.

Borroka estilo ezberdindun etsaiak topatuko ditugu, haien artean, urrunetik tiro egin eta ezkutatzen iaioa den hau.
Furik gutxirekin asko adierazten duela esan dut, eta hori jokoaren amaieran ere mantentzen dela deritzot. Azkenean, askorentzat ezustekoa izan daitekeen amaiera aurkituko du jokalariak. Garatzaileek jokalariaren esku uzten dute erabakia, bukaera automatikoa onartu edo azken erronka berri bat eskatzen duen borrokari aurre egin eta aurkaria garaitzea, jokoaren istorioan aldaketa nabarmen bat gerta dadin.
Pertsonaia bakoitzaren itxura, istorioa eta gurekiko lotura ezagututa, gogoangarriak iruditu zaizkit orokorrean.
Jokoaren istorioaren hari nagusia alde batera utzita, menu nagusitik badago beste borroka batzuetara sartzeko aukera. Hasieran, bazegoen eduki gehigarri bat (DLC) orain erosgai ez dagoena, izan ere, garatzaileek eduki hori dohainik ematea erabaki zuten eta oinarrizko jokoarekin batera dator gaur egun. Azken Borroka Bat (One Last Fight) izena du eta Sugarra pertsonaiaren aurka borrokatzea baimentzen du. Sugarraren eta gure pertsonaiaren arteko loturen berri izango dugu arerioen esaldien bidez. Eskertzekoa den gehigarria zela iruditu zitzaidan.

Hurrengo borrokara bidean goazela Ahotsaren esanak entzun eta paisaia bitxiak ezagutuko ditugu
Ez hori bakarrik, garaituz gero, beste pertsonaia baten aurkako borroka ere lortuko dugu. Bernard izeneko gerlariaren aurkako borroka horretan, grafikoki garatzaileek nahita oso sinple egindako pertsonaia bat ezagutuko dugu, baina guztietan zailena iruditu zitzaidana. Bernardek aurreko pertsonaia guztien botereak biltzen ditu eta ez ia dio jokalariari akatsetarako tarterik uzten. Beneko erronka da azken hori, egin gabe uztea erabaki nuen bakarra. Jokoaren zale trebeenei eta sutsuenei bideratutakoa dela deritzot.
Ia 10 urte dauzka, eta hala ere, erronka gogoangarria eskaintzen jarraitzen du Furik. Zailtasun arruntean gainditzea bada zeregin interesgarria, eta gehiago nahi izanez gero, zailtasuna igotzeko aukera dauka. Intentsitate handiko borrokak astiro argitzen doan istorioarekin nahasten dira, eta azkenean, unibertso interesgarri bateko partaide izan dela senti dezake jokalariak.

Beñat
Iruzkinak