“Programatzea dibertigarria izatea” nahi dute bideo-jokoak sortzeko eta partekatzeko lan honekin. Ekainaren 11n kaleratuko da Switcherako.

Proposamen interesgarri eta berritzailea aurkeztu du N Handiak bere kontsola hibridorako. Game Builder Garage jokoarekin programazioaren oinarriak ikasi eta bideo-jokoak sortzera eraman nahi ditu txiki zein handiak.

Jokoen sormen prozesua modu bisualean aurrera eramatea proposatuko du Nintendok. Nodon deitutako izakiekin nodoak eratu eta funtzioak ahalbidetzea izango da obraren oinarrietako bat: pixkanaka gero eta funtzio aurreratuagoak erabiltzen ikasiko dute jokalariek. Guzti hori hainbat ikastaroren bitartez egingo da. Bakoitzak joko mota desberdin bat sortzea proposatuko du: plataforma jokoak, lasterketa jokoak, etab.

Horietan jokoak eskainitako elementuak erabili ahalko dira: pertsonaiak, ibilgailuak, soinuak, musika eta efektuak jokalarien eskura jarriko ditu Nintendoren lanak. Sormen prozesua errazteko USB bidez sagua erabili ahalko dela nabarmendu dute gainera, joy-con eta pro agintearekin batera.

Proposamena ez da soilik ikastaroetara mugatuko. Programazio irekian murgiltzeko aukera ere eskainiko du Game Builder Garagek, nahi bezalako bideo-jokoak sortzeko aukera emanda. Behin proiektuak bukatuta horiek lagunen artean partekatu ahalko dira; arduradunek azaldu dutenez ez da sarean zabaltzeko aukerarik egongo, eta norbere adiskideei soilik bidali ahalko zaizkie sortutako lanak.

Lagunen proiektu bat jasotzerakoan horretara jokatzeaz gain, sormen prozesu guztia ikusteko modua ere egongo da. “Zerbait berria ikastea bizitza errealean power-up bat jasotzea bezalakoa da”, nabarmentzen dute arduradunek jokoaren webgunean.

Ezustean iragarri badute ere, laster helduko da Game Builder Garage Switchera: ekainaren 11n estreinatuko da. Formatu digitalean iritsiko da soilik Europara, Nintendo eShopetik deskargatu beharko da beraz.